Megan Guarnier azkarrena, Garibaiko esprint estuan

Xabier Urtzelai 2015ko eka. 11a, 19:40
Megan Guarnier, Emma Johansson, Asheigh Moolman eta Katarzina Niewiadoma, Garibaiko zuzenean esprintean.

Megan Guarnier (Boels Dolmans) eta Emma Johansson (Orica) argazkilariengana gerturatu behar izan dira etapa amaieran, esprinteko esfortzutik errekuperatu barik zeudela, bietako nork irabazi duen galdezka. Eta, argazki kamerek ere ez dituzte zalantzak argitu, euren zoritxarrerako. Hala, fotofinish-ari esker jakin du Guarnierrek Emakumeen Birako Arrasateko etapako irabazlea dela. Bihar, egubakoitza, Marurin hasiko den etapan, Kasia Niewiadoma-k jantziko du liderraren mailota.

Hasierako kilometroetan lasai joan da etapa, lainoek bakea eman dute eta tropela batera iritsi da Kruzeta azpira. Han ere ez da erasorik egon, eta Arlaban jaitsi eta berehala hanka-sartze galanta, ihes eginda zihoan laukoteak bide okerra hartu duelako, Eskoriatza inguruan. Hala, tropela geratu egin dute epaileek eta ihes egindakoei lehengo abantaila eman [Minutu pasatxo]. Horrela iritsi dira Megan Guarnier (Boels Dolmans), Emma Johansson (Orica), Ashleigh Moolman (Bigla) eta Katarzina Niewiadoma (Rabo Liv) Garibaiko zuzenera, eta hor estatubatuarra gailendu da.

Esprintean indarrak parean izan dituzten Megan Guarnier –ezkerrean– (Boels Dolmans) eta Emma Johansson (Orica), irabazlea nor zen jakin aurretik, lagun giroan.

Eguneko protagonista guztiak, podiumean.

Hurrengoak, Bizkaian 

Atariko proba Iurretan eta lehenengo etapa Arrasaten egin ostean Emakumeen Bira Bizkaira itzuliko da ostera ere, eta han jokatuko dituzte domekara arteko etapak. Eta oraindik kilometro asko geratzen dira. Bihar, egubakoitza, ziklistek 82 kilometroko etapa izango dute Maruri eta Fruiz artean, eta zapatuan 122 kilometrotako etapa gogorra Iurretan hasita; tartean, Zumeltzako eta Altamirako maldekin. Domekan, Markina-Xemeinen hasita etapa distantzian laburragoa izango da (86km), baina Gontzegaraigane eta Lekoitzgabe igo beharko dituzte.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak