Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, 260 oihal Debagoienetik Anoetara

Ubane Madera 2015ko eka. 11a, 17:51

Ekainaren 21ean Debagoieneko herri guztietatik aterako dira autobusak Donostiara joateko, Gipuzkoako hiriburua "erabakitzeko eskubidearen aldeko borondatez eta konpromisoz betetzeko helburuarekin", Gure Esku Dago ekimenetik dioten moduan. Izan ere, datorren domeka "urtean herriz herri sakabanatuta egon diren oihalak, eta horietan beraien esperantza, amets eta borondateak idatzi dituzten herritar guztiak batzeko eguna izango da".

Debagoienetik 10:00etan aterako dira autobusak; izan ere, 11:30erako gertu egon behar du guztiak, 12:00etan Urumeako sei zubien artean irudikatuko den giza katea gauzatzeko.

Oihal-katea da, hain justu, egun handi horretako lehen hitzordua. Eta Debagoienak bere leku zehatza izango du bertan: Atotxa tren geltokiaren ingurua.

Gaur, eguena, Debagoieneko Gure Esku Dago ekimeneko bailarako ordezkariak Arrasaten elkartu dira Debagoienetik Donostiara irtengo diren autobusak kudeatzeko, besteak beste. Ekimenekoek debagoiendarrak animatu dituzte ekainaren 21ean Donostiara joateko.

Anoeta eta Ilunbe

Behin giza katea bukatuta, Gure Esku Dago ekimenaren proposamena da Urumea bazterretatik Anoeta estadio ingurura bideratzea herritarrak, kalejira erraldoian. Izan ere, Anoetaren kanpoko aldean egokituko dituzte jatekoak eta edatekoak. "Dena den, egun osoan izango da zer egina Donostia osoan, alde zaharrean…", zehaztu du Aitor Erañak, Debagoieneko Gure Esku Dago ekimeneko ordezkariak.

"Beste elkargune bat Ilunbe izango da: familia-gunea. 12:30ean zabalduko ditu ateak, eta, puzgarriak, tailerrak… egoteaz gainera, Gipuzkoako pailazo guztiak izango dira bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere bai. 14:00etan Irri bazkaria izango da eta 15:30ean, berriz, dantzaldia".

Sarrerak nork bere herrian

Ekitaldi nagusia –sorpresa hunkigarriekin–, berriz, Anoetan izango da, 17:30ean. Baina 16:30ean zabalduko dituzte estadioko ateak. "Oso garrantzitsua da bertarako sarrerak nork bere herrian erostea; estadioko jarlekuak zenbakidunak izango dira eta elkarrekin egoteko bide bakarra da. 10 euro da prezioa, 14 urtetik beherakoendako 5 euro eta 0-2 urtekoendako debalde. Edozein modutan, azken horiek ere eskuratu beharko dituzte sarrerak, lehengo arrazoi berarengatik", esplikatu du Erañak. 

Bestalde, domekako aldarrikapen eguna gauzatu ahal izateko 2.000 boluntariok jardungo dute lanean. "Debagoienetik ere bagoaz –08:30ean aterata–, eta lagundu nahi duena ondo hartuko dugu gure artean", dio Aitor Erañak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak