79. San Antonio saria erlojuaren kontrako Gipuzkoako txapelketa izango da. "Kadeteendako erlojuaren kontra proba gutxi zeudela-eta, Lokatzan aukera aztertu eta gure probaren izaera aldatzea erabaki genuen", esan du Lokatzako presidente Jon Unamunok.
Hori horrela, 5,6 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik txirrindulariek: Urteaga kalea-Bonbulu-Bergarako saihesbidea-Labegaraietako biribilgunea-Labegaraietako zubia-Bergarako saihesbidea-autobus geltokiko zubia-Ibargarai kalea-San Antonio biribilgunea-Espoloia.
Lasterketa 17:00etan hasiko dute, eta 30 segundoko tartearekin irtengo dira 80 txirrindulariak. "Harrobiko ziklisten maila ikusteko aukera ederra izango dugu Bergaran eta Oñatin", esan du Unamunok.
Olakua saria Oñatin
Izan ere, zapatuan Bergaran lehiatuko diren 80 ziklistak eta beste hainbat Oñatiko 29. Olakua sarian egongo dira domekan. Hori ere Gipuzkoako txapelketa izango da, baina errepideko txirrindulari azkarrena sarituko du. Aloña Mendiren lasterketa 16:00etan hasiko da Olakua auzoan eta handik aurrera 60 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek: Olakua-Zubillagako saihesbidea-Elorregi-Arrasate-Elorregi-Zubillagako saihesbidea-Oñati-Udana-Motxorro-Legazpi-Motxorro-Udana-Oñati-Zubillaga auzoa barrutik-Oñati-Olakua.
Mendiko saria Udanako mendatean egongo da.
Debagoieneko ordezkariak
Bergarako eta Oñatiko txapelketetan txirrindulari debagoiendarrak egongo dira: Ulmako eta Dorleta taldeetako ordezkariak, hain zuzen ere.
Iñigo Aranburu, Asier Azkarate, Andoni Azkarate, Liher Untzueta, Joseba Rodriguez eta Iñigo Rodriguez dira Dorleta Txirrindulari Taldeko ziklistak; eta, Adrian Perez, Andoni Gartzia, Julen Otero, Aritz Leza, Nestor Uroz eta Josu Gartzia Ulma-Aloña Mendiko ziklistak.