Candyrendako azken aukera aurkeztuko diete gaur langile ohiei

Ubane Madera 2015ko eka. 5a, 08:40
Candyko langileak Bergarako plantara sartzen azkeneko lanak egitera, maiatzean.

Bergarako Errekalde jauregian batzartuko dira goizean (11:00etan eta 12:30ean) Candyren Bergarako plantan jarduera abiarazteko aukera ikusi duten eta elkarren artean osagarri diren bi enpresetako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Candyko langile ohiak. Balizko jarduera industrial horren gaineko azalpenak emango dizkiete bertaratutakoei.

Gauza bera egin zuten, hain justu ere, atzo (eguena) Diputazioko eta Candyko Enpresa Batzordea osatzen duten bost sindikatuetako ordezkariek (ESK, LAB, ELA, CCOO eta UGT).

Bi proiektu, osagarriak

"Proiektuetako bat atzerritarra da, eta bestea, berriz, euskalduna. Baina biak dira elkarren artean osagarri. Izan ere, Candyko 70 langile ohi guztiendako lanpostuak bermatzeko, ezinbestean bi proiektuekin aurrera egitea onartu beharko lukete langileek", jakinarazi diote Goienari Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek.  

Bertatik gaineratutakoaren arabera, Errekalde jauregira bertara ekarri dute asteon balizko produktua. Hau da, proposatutako jarduerarekin aurrera eginez gero landu beharko luketen produktua ikusgai dute inplikatuek.

Ekaina amaitzen denerako

Azalpen eta proposamen guztiak jasota, Diputazioak kalkulatzen du hamabost bat egun beharko dituztela langileek eta haien batzordeak aurkeztutako proiektua onartuko duten edo ez erabakitzeko.

Era berean, proiektuari onespena emanez gero, Gipuzkoako erakunde nagusiak nahiko luke agintaldia bukatu baino lehen proiektua bideratuta lagatzea  –ekainaren azkeneko astean izango da, ezustekorik ezean, Diputazioko agintari berrien kargu-hartze ekitaldia–: "Hasierako bultzada eman eta gero bere kabuz funtzionatzeko modua izango luke", esplikatu dute Foru Aldunditik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak