Espaloia antzokia hamaikagarrenez magoen aterpe

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko mai. 29a, 08:00

Gaur hasi eta domeka bitartean, nazioarteko eta Estatuko magoen topaleku izango da Elgeta. Pikupe Produkzioak-en eskutik dator hamaikagarren edizioa, Gasteizko Magialdia antolatzen duen Arabako Ilusionisten Elkartearekin elkarlanean, eta, besteak beste, Udalaren eta Goienaren laguntzarekin.

Kalitatezko mago profesionalak dira guztiak. "Elgeta estimatua da magoen artean, badakite tratu gozoa eta gertukoa jasoko dutela eta aurrean izango duten publikoa magian aditua dela. Hamar urtetako ibilbidea ez da-eta alferrikakoa izan", azaldu du Jose Luis Suarezek, Arabako Ilusionisten Elkartekoak.

Umore magikoa, hasteko

Gijonen bizi den Adrian Conde argentinarrak zabalduko du aurtengoa. Elgetan izandakoa da;  iazko Mostran herriko plazan Petit Caravan ikuskizuna egin zuen. "Hego Amerikan, Italian eta Estatuan sari asko eskuratu dituen Piccolo Camerino-rekin dator oraingoan. Antzerti-formako magia moduan definitzen dugu; hau da, ikuskizunean zehar istorio bat kontatzen du Condek, magia-trukuak eta umorea erabiliz. Ez dira truku solteak, istorio edo hari bati lotutakoak baizik. Ordubete pasako ezohiko saioa izango da", dio Suarezek.

Lau mago eta aurkezlea bihar

Biharko gala ere Condek aurkeztuko du. Paper garrantzitsua duela diote antolatzaileek, aurkezlearen lanak bermatzen du-eta sarritan ikuskizunaren kalitatea. Hamar minutu inguruko saioa egingo du bakoitzak eta horiek guztiak lotuko ditu Argentinakoak, magiarekin eta umorearekin baliatuta.

Ordu eta erdi inguruko ikuskizunean, estilo askotariko magia batuko dute: "Mag Marin katalanaren espezializazioa, esaterako, ilusio handiak dira. Sandra arrebaren laguntzarekin, pertsonak desagerrarazi edo erditik moztuko ditu, telebistan sarritan ikusi ditugun trukuak gurera ekarrita. Oso gaztea da, baina, era berean, une honetan dagoen magorik aktiboenetakoa da. Sari asko eskuratu ditu Mag Marinek ere, eta Europan, onenen artean dago kokatuta".

Madrildik datorren Los Taps bikotea ere makina bat sari jasotakoa da. Hego Amerikan egiten den magia kongresu garrantzitsuena irabazita, uztailean Italian egingo duten lehiaketan Espainiako ordezkariak izango dira.  "Umorezko magia egiten dute. Quick change estiloan espezializatutakoak dira, bereziki. Arropak azkar-azkar aldatzen ikusiko ditugu, beraz, besteak beste.

Valentziako Nuel Galan, berriz, trebea da CDak manipulatzen. "Gauza harrigarriak egiten ditu CDekin: desagerrarazi, hegan eginarazi... Estetika modernoa duen saioa da harena".

Objektuak manipulatzen ere abila da laukotea osatuko duen Madrilgo Lautaro magoa. "Garai bateko magoen moduan, kartak eta usoak erabiliz magia klasiko-klasikoa egiten du. Hala ere, ez dugu txisterarekin eta horrelakoekin ikusiko; magia klasikoa bai, baina estetika modernoarekin eta oso pertsonalarekin.

Sarrerak 'on line' eta leihatilan

Espaloia antzokian eta Pikupe.com atarian eskura daitezke gaurko eta biharko ikuskizunetarako sarrerak. Egubakoitzekoak 15 eurotan salduko dituzte –bazkideendako 10 eurotan–; eta biharko galarako, berriz, 18 eurotan –bazkideendako 15 eurotan–. Tailerrak, berriz, doan izango dira.

Egitaraua

Maiatzak 29, egubakoitza

22:30 Piccolo Camerino, Adrian Conde (Argentina)

Maiatzak 30, zapatua

16:30 Familia osoarendako eskulan eta magia tailerrak Udal Aretoan, doan.

19:00 Magia gala: Mag Marin (Bartzelona); Los Taps (Madril); Nuel Galan (Valentzia) eta Lautaro (Madril).

Maiatzak 31, domeka

11:00 Magia eta eskulan tailerrak ume eta gazteei zuzenduta, doan.

12:00 Tabernetan magia saioak.

Erlazionatuak

Magia Mostra gertu Elgetan

Eneko Azkarate 2015 mai 29 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak