Elkartasun bira egingo du Juan Carlos Irizarrek Eskoriatzan hasita

Leire Kortabarria 2015ko mai. 29a, 08:00
Irizar, Eskoriatzako ereserkiaren partiturarekin.

Juan Carlos Irizar oñatiarrak eta Jesus Iriak gidatutako Eskoriatzako parrokiako abesbatzak kontzertua eskainiko dute Eskoriatzako Zaldibar antzokian, gaur, egubakoitza, 20:00etan. Aita Menni ospitaleak bultzatutako We are like you (Zure modukoak gara) egitasmoaren lehen emanaldia izango da eta sarrera doakoa izango da. 

Birak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hainbat herritara eramango du Juan Carlos Irizar; tartean, Arrasateko Aita Mennin emanaldia izango da, ospitaleko pazienteen abesbatzak lagunduta, ekainaren 16an; eta Aramaion, ekainaren 20an, Bixente Goikoetxea abesbatzarekin. Bira azaroan bukatuko da Zestoako bainuetxean egingo duten kontzertu batekin.

Ospitalea Liberian

Aita Menni ospitaleak bultzatutako proiektu hori Liberiari laguntzeko izango da, eta jendearen borondateaz  dirua batu nahi da ahal den heinean bertakoei laguntzeko. Sarrera doakoa bada ere, merkatu txiki bat jarriko da antzokian. Bertan, Irizarren diskoak, Liberiatik ekarritako objektuak… izango dira prezio merkean erosteko eta Laboral Kutxan honako kontu korronte hau ireki dute, nahi duenak laguntza eman dezan: ES51 3035 0001 56 00 10129618.

Jesusen Bihotzeko mojek –Aita Menni ospitalea kongregazio horrena da– Liberian zuten Benedict Menni anbulatorioa irekitzeko dirua batzea da We are like you ekimenaren helburua. Ebolaren krisian piztu zen kutsatzeko beldurraren ondorioz, anbulatorioa itxi egin zen. Askotariko gaixoak atenditzen zituzten, bereziki buruko gaixotasunak zituztenak.

Berak egindako ereserkia

Iriak zuzendutako abesbatzak hainbat kantu abestuko ditu Irizarrekin batera, besteak beste, Eskoriatzako ereserkia. Oso berezia izango da Juan Carlos Irizarrentzat kantu hori Eskoriatzan jotzea, izan ere, berak sortutakoa da. Honako hau esan dio GOIENAri piano-jole eta konposatzaile oñatiarrak: "Eskoriatzako ereserkia jotzeak oroitzapen politak ekarriko dizkit. Letra Jose Aranburuzabala Trankil-ek asmatu zuen, eta gure artean ez dagoen arren, bere familia han egongo da".
Eskoriatzarekin harreman estua izan du beti oñatiarrak, eta bere esanetan, "ohore bat izango da bertan pianoa jotzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak