Kooperatibek iaz baino %7 gehiago fakturatuko dute aurten

Leire Kortabarria 2015ko mai. 22a, 16:40

Lan Elkarteen, Irakaskuntza eta Kreditu Kooperatiben federazioak, Erkidek, urte bukaerarako %6 eta %7 arteko hazkundea aurreikusten du fakturazioan. Iaz, %1,2 murriztu zen.

Lan asoziatuko kooperatiben gaineko datuak dira horiek. Tartean daude Mondragon Korporaziokoak. Denetara, lan elkartuko kooperatibak Erkideko 928 federatuetatik 846 dira. Erkideko presidente Javier Goienetxeak eta zuzendari Agustin Mendiolak eman dituzte datuok gaur prentsaurrekoan; hain zuzen, 2014ko memoria eta 2015eko aurreikuspenak azaldu dituzte.

Goienetxeak esan duenez, maiatzera arte lan elkartuko kooperatibak %11 hazi dira, eta horregatik, urtea bukatu orduko, fakturazioak "aurreikuspenak lasai gaindi ditzake".

Emaitza on horiek 1.000 lanpostu sortzea ekar dezakete; 2014an, 954 lanpostu galdu ziren. Goienetxeak esan du urteko lehen lauhilekoan 342 lanpostu sortu direla.

Urte bukaerarako, Erkiden beste 50 kooperatiba egotea espero da; 2014an 42 federatu ziren. Maiatzera arte, 46 kooperatiba berri sortu dira, batez ere makina-erremintan eta automobilgintzan.

Iaz, 963 lanpostu gutxiago

2014ko datu ekonomikoen inguruan, Goienetxeak esan du lan elkartuko kooperatibek 6.500 milioi euro fakturatu zituztela, 2013an baino %1,2 gutxiago.

2014an 846 kooperatiba izatera iritsi ziren, aurreko urtean baino 41 gehiago, baina 963 lanpostu galdu ziren. Denetara, 30.926 langilerekin bukatu zuten 2014a.

Gaur egun, Euskadiko kooperatiben %80 Erkiden federatuta daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak