Frackingaren bost urteko atzerapena ez da nahikoa, Fracking Ez taldearen iritziz

Leire Kortabarria 2015eko maiatzaren 22a

EAJk frackinga egiteko bost urteko atzerapena defenditzen du Legebiltzarrean eta exekutiboan; bada, Fracking Ez plataformako Debagoieneko ordezkariek ohartarazten dute ikerketak egiteko baimenak ez direla kenduko, eta "ikerketak egiteko esplotazioak ere egin behar direnez, ikerketekin ere kalte egiten" dela.

Horrez gain, "atzerapena bost urterako da, eta epe hori pasatu eta gero ez dago jakiterik zer gertatuko den", gaineratu du plataformako kide Arantza Palaciok.

Alderdien konpromisoa

Plataformak EAEko batzar nagusietako alderdiekin bilerak egin ditu, frackingaren aurkako konpromisoa eskatuz. Gipuzkoan, konpromisoa sinatu dute Xabier Olanok (EH Bildu), Juantxo Iturriak (Podemos), Arantxa Gonzalezek (Irabazi) eta Denis Itxasok (PSE-EE). Araban, Ramiro Gonzalezek (EAJ), Kike Fernandez de Pinedok (EH Bildu), Cristina Gonzalezek (PSE), Jose Damián García-Morenok (Irabazi), Koldo Martinek (Podemos) eta Ana Unibasok (Ikune); Bizkaian, Josu Imanol Unanuek (EH Bildu), Carlos Totoricak (PSE), Asun Merinok (Podemos) eta Aitor Urrestik (Irabazi).

Gipuzkoan, lurrazalaren %40 "frackingaren mehatxupean" dagoela azpimarratzen du plataformak. Hori dela eta, lurraldeko hautagai politiko guztiekin harremanetan ipintzen saiatu da taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak