Infartuzko jardunaldia Bergararendako; UDA playoff-a jokatu barik igo daiteke hirugarren mailara

Bergararen eta Zarautzen arteko lehia, aurtengo ligan.

Kategoriari eusteko Bergararen borroka agonikoak zapatuan izango du azken bataila (17:30, Agorrosin), Martuteneren kontra. Azken jardunaldi hau infartuzkoa izango da Bergarakoendako, baina baita borroka horretan sartuta dauden taldeendako ere. kontrara, UDA playoff-a jokatu barik igo daiteke hirugarren mailara, baldin eta Bizkaiko futbol taldeek begi onez ikusten badute Gipuzkoako federazioaren proposamena.

Bergarak azken jardunaldira bizirik iristeko ezinbestekoa zuen garaipena lortu zuen joan den astean, Touringi 3-4 irabazita. Eta hori lortuta, herriko jaietan zer ospatu izan gura dute zapatuan. Azken jardunaldi hau infartuzkoa izango da Bergarakoendako, baina baita borroka horretan sartuta dauden Usurbil, Zarautz eta Hondarribiarendako ere. Kategoria ez galtzeko, Bergarak Zarautzek edo Hondarribiak baino hobeto egin beharko ditu gauzak azken partidu honetan, golaverage-a kontran daukalako.  Bestalde, Hondarribiak eta Usurbilek elkarren kontra jokatuko dute (ordu berean). Horrela dago sailkapena. 

UDA zuzen igotzeko aukerekin

Asteak utzi duen beste albiste bat da UDAk hirugarren mailara zuzen igotzeko aukera duela. Ondarroako Aurrera Bizkaiko talde izatera pasako da, eta Gipuzkoako federazioak proposamena egin dio Espainiakoari, urtebetez, Hirugarren mailan 21 talde egon daitezen. Hala, UDA zuzen igoko litzateke, eta Hernani edo Tolosak jokatuko luke playoff-a. Baina hori ekainaren 30eko batzarrean onartu behar du Euskal Federazioak, eta neurri handian, baiezkoa edo ezezkoa Bizkaiko futbol taldeen esku dago, halako proposamenen aurrean daukaten erabaki gaitasunagatik.

UDAk zuzen igo ahal izateko datorren astean uko egin beharko lioke playoff-a jokatzeari, baina normala den moduan, Aretxabaletako taldeak erabaki hori hartu aurretik Bizkaiko taldeen iritzia jakin gura du, ekain amaierako batzarrean azken orduko sorpresarik ez izateko. Hala, Gipuzkoako federazioa datorren astean bertan batuko da Bizkaiko taldeetako ordezkariekin, eta proposamena egiteaz batera euren iritzia batuko du; hala, batzarrean ikusitakoaren arabera hartuko du UDAk playoffari uko egiteko erabakia. 

Antzuolak maila galdu du

Azken hilabeteotako esprintaren ondoren, joan den astean Aurrerak egin zituen borrero lanak Estalan Antzuolari 1-2 irabazita. Hala, azken jardunaldira aukera barik iritsi dira antzuolarrak, eta Irunen agurtuko dute kategoria (zapatua, 17:30). Aloña Mendik, ostera, etxean agurtuko ditu zaleak domekan (16:30) eurak moduan ezer jokoan ez duen Touringen kontra. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.