Arrasate, Bergara eta Oñatiko nagusien egoitzetako langileek hitzarmen berria eskatzen dute

Leire Kortabarria 2015ko mai. 19a, 18:04

Debagoienean, Arrasate, Bergara eta Oñatiko zaharren egoitzetako langileek oraindik ez dute lan-hitzarmen berria, eta ekainaren 1erako ez badute lortzen, ELAk greba mugagabea deituko du. Gaur, martitzena, batzartzekoak dira Arrasateko egoitzako arduradunak eta ELAko ordezkariak, eta bihar, eguaztena, Oñatiko alkatearekin batzartuko da sindikatua. Bergaran, bestalde, Mizpirualdeko langileek karpa ipini dute Munibe plazan eta txandaka daude han, lan-hitzarmena eskatzen.

Gipuzkoako zaharren egoitzetan, eguneko zentroetan eta zaintzapeko etxebizitzetan dabiltzan langileak grebara deitu ditu ELAk baldin eta ekainaren 1erako ez badute leku bakoitzean hitzarmena lortu. Hitzarmen-marko proposamen bat egin du Foru Aldundiak, baina zentro bakoitzean sinatu behar da, bakoitzaren ezaugarriak errespetatuz.

Azpikontratazio bitartez ematen da zerbitzua establezimendu gehienetan; leku batzuetan, enpresa batzuekin dago eginda azpikontratua; beste batzuetan, udal patronatu bidez funtzionatzen da; edo bi formulen arteko konbinazioa ematen da. Bestalde, Adegi eta Lares patronalek kontrolatzen dute sektorearen %75.

Orain bi urte ere gatazka luzearen ondoren lortu zen lan-hitzarmena, eta orain iraungitzear dagoenez, berriz piztu da ika-mika.

Bakarrik Eskoriatzan sinatu da

ELAko ordezkarien esanetan, Adegi "hitzarmenaren aurka dago" eta ez du sinatzea nahi, baizik eta egoera "luzatzea". ELAk dio hitzarmen proposamenak berme egokiak ematen dituela langileendako, eta ez bakarrik ordainketa kontuetan. Debagoienean, oraingoz, bakarrik Eskoriatzako egoitzan sinatu da hitzarmen hori.

Bergaran, Mizpirualde egoitzako langileak mobilizazioak egiten dabiltza, batez ere Munibe plazan ipini duten karparen bidez. Oraingoz ez dute lana utzi, txandaka egoten baitira karpan; eta horrela jarraituko dute egubakoitzera arte. Baina, ekainaren 1a baino lehen ez bada akordioa egin, greba egingo dutela esan du ELAk.

Foru Aldundiak patronalen "blokeoa" salatu du. Egoitzei eta enpresa eta erakunde kudeatzaileei eskatu die "sinatzeko" Gizarte Politikako Foru Departamentuak proposatu duen lan hitzarmena. Aldundia gertu dago 11 milioi euro ipintzeko sektore horretako 4.800 langileen lan baldintzak hobetzeko. Gipuzkoan, sektoreko langileen %60 hartzen duten establezimenduetan sinatu dute hitzarmen hori; beraz, beste %40 geratzen dira hitzarmenik gabe, oraingoz.

Adegi: "Plaza gehiago sor daitezela"

Adegik, bere aldetik, "lan-hitzarmen berria negoziatzeko eta adosteko borondatea" berretsi du, eta honakoa esan du: "Foru Aldundiak benetan bermatzen baditu behar diren diru-konpromisoak, orduan bermatu ahal izango dira langileen baldintza ekonomikoak. Oraingoz ez dago berme hori, haren proposamenaren arabera". Era berean, "itxuraz Diputazioa tarifak handitzeko ipintzeko gertu dagoen dirua plaza gehiago sortzeko erabil dadila" proposatzen du Adegik.

Mendekoendako eta desgaituendako

Beste alde batetik, mendekotasuna dutenendako eta desgaituendako beste 90 plaza sortuko direla iragarri du Foru Aldundiak. Adineko mendeko pertsonentzako 20 egoitza plaza irekiko dira Aretxabaletan, Donostian eta Zestoan eta beste eguneko zentroko 9 plaza Errenterian eta Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak