Eroskik %9 elikagai fresko gehiago erosi die azken urte honetan euskal ekoizleei; guztira, 140 milioi euro baino gehiagoko erosketak egin ditu. Hori jakinarazi du banaketa sektoreko kooperatibak. 2.000 ekoizlerekin baino gehiagorekin ari da Euskal Autonomia Erkidegoan; horietatik 469 nekazaritzako elikagaien sektorean ari dira, eta 193, zehazki, elikagai freskoak ekoizten; horietatik hamabi azken urte honetan gehitu dira. 600 milioi euro baino gehiago erabili ditu Eroskik Euskal Autonomia Erkidegoan produktuak erosteko; diru horren %60 nekazaritzako elikagaiak erosteko izan da.
"Kontsumitzaileak gero eta gehiago balioesten ditu tokiko produktu freskoak, bere kalitate onagatik, eta sentiberatasun handiagoa du gauza autoktonoetarako; autentikotasuna bilatzen du horietan", esan du Asun Bastidak, Eroskiren Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak.
Harategi jarri berrien arrakasta
Eroskik emandako datuen arabera, 58 saltokitan jarri ditu harategiak Zurekin eredu komertzialaren harira, eta, berritze lan gehiago egin ahala, ugaritu egingo dira. Harategi horietan, Eusko Label produktuen alde "irmoki" egiten duela esan du Eroskik.
Eusko Label behi haragiaren salmenta %45 igo da Euskal Autonomia Erkidegoko saltokietan; guztira, 69 tona saldu dira. Eusko Label bildotsari dagokionez, iaz 11 tona baino gehiago merkaturatu zituen Eroskik. Azkenik, %8 handitu ziren iaz EAEko oilategietako arrautzen salmenta; guztira, 744 tona baino gehiago.
Eroskiko arrandegietan ere tokiko arrainari garrantzi handia ematen zaio. IAz, EAEko portuetan %12 arrain gehiago erosi zen; hegaluzearen salmenta %50 handitu zen.
Urteko lehen kanpainan, bost aldiz berdel gehiago saldu da Eroskiren dendetan. Bastidak dioenez, gaur egun 100.000 kilo berdel baino gehiago saltzen dute; orain dela urte batzuk, berriz, "ez zen askorik saltzen".
Elikagai autoktonoen promoziorako kanpaina