Gurutz Garmendia: "Zeregin handia dago oraindik ere euskal sinismen zaharrak jasotzen"

Gurutz Garmendia azkoitiarrak tailerra egin zuen atzo, Elgetan. Barikuan ipuin kontaketa saioa egingo du publiko guztiendako.

Euskal sinismen zaharren oinarri nagusia Mari, Amalur edo Amari da. Lur azpiko indar sortzaile moduan definitzen du Gurutz Garmendia azkoitiarrak. Arbasoen sinismenetan interesatua eta Aita Barandiaranek egindako lana abiapuntu hartuta ikertzen jarraitzen du Garmendiak. Ez da gauza erraza, ez baitago erreferentzia garbirik. "Euskal mitologia da ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi pasatako mitologia bat. Beste batzuk idatzi egin dira. Orduan idatzitakoen erreferentzia garbiak daude baina gurean ez dago horrelako erreferentzia garbirik", azaltzen du Garmendiak. Ikertutakoa ezagutzera eman eta interesa sortu gura dute Garmendia moduko lagunek.

Amarik zeregin betean dihardu eta lur azalean dagoen guztia da amaria. Lauburua Amariren bihotza da. Lau elementuak irudikatzen ditu: ura, lurra, haizea, eta sua eta bi zentzu ditu. Ezkerrera ematen duenean jaiotzaren edo bizitzaren berri ematen du, eta eskumara ematen duenean heriotzaren berri ematen du.

Aurrekoek egindako lana

Euskal mitologiari inguruan interesatuta egonez gero hiru argitalpen gomendatzen ditu Garmendiak: Aita Barandiaranen Diccionario ilustrado de mitología vasca, Mariren erradiografia izeneko liburua edo Gipuzkoa Mari-Lur liburua.

Barandiaranek, Satrustegik eta Caro Barojak egindako lana aipatzen du Garmendiak. "Gipuzkoa mailan zerbait jasota dago. Kostaldean esango nuke gutxiago ze badirudi kostaldeko zenbait herritan bizi bizirik zeudela sinismen horiek eta nolabaiteko tabuak bazeudela". Aurrekoek ahal zuten guztia egin zutela dio Garmendiak, baina oraindik ere zeregin handia dagoela euskal sinismen zaharrak jasotzen.

Barikuan ipuin kontaketa

Atzo egindako tailerrak barikuan izango du bigarren atala Elgetan. Garmendiak ipuin kontaketa egin du liburutegian, 18:00etan, adin guztietako entzuleendako. Euskal mitologiako pasadizoekin egingo du saioa. Argitaratu berri duen ipuin bildumako pasarteak kontatuko ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.