33,9 milioi irabazi ditu Laboral Kutxak lehen hiruhilekoan

Leire Kortabarria 2015ko mai. 11a, 15:24

Laboral Kutxak 33,9 milioi euro irabazi ditu aurtengo lehen hiruhilekoan. Interes-tasek minimoetan jarraitzen dute, baina iazko bigarren seihilekoan kreditu-eskaerak ugaritu egin ziren eta joera horrek bere horretan jarraitzen du, bai etxeetan, bai enpresetan. 

Horri denari esker, Laboral Kutxak lortu dituen balantze orekatua, likidezia-maila bikaina eta kapitalizazio-maila altua nabarmentzen ditu. Hori konfirmatuz, Fitch-ek BBB+ kalifikazioa eman dio Laboral Kutxari –Hego Euskal Herriko eta Espainiako bigarren kalifikazio onena–, eta Moody's-ek, Ba1 –laugarren onena.

Nabarmentzeko beste datu batzuk hauek dira: kreditua hazten dabilela baieztatzen dutenak. Izan ere, kontsumorako kredituak %29 hazi dira iazko lehenengo hiruhilekotik hona; enpresendako kredituak, %54; eta hipoteketarako kredituak, %66.

Laboral Kutxak prentsa oharra kaleratu du, hainbat esparrutan egin duen lana baloratuz:

Likidezia

Bezeroen aurrezki-saldoek izandako gorakadaren ondorioz, aurrez lasaia zuen likidezia finkatzen jarraitzen du entitateak. Ondorioz, indartsu dago txikizkako merkatuan nahiz enpresetan inbertitzen jarraitzeko. Hala, bezeroen gordailuen gaineko kredituen ratioa %94,5koa da (emandako maileguen eta dauzkan gordailuen arteko zatiketa), eta txikizkako merkatuan diharduten sektoreko entitateen batez bestekoa % 26,4koa, azken informazio erabilgarriaren arabera.

Berankortasuna eta hornidurak

Kalifikazio-agentziek behin eta berriro agerian jarri dutenez, arriskuen gestioa eta, bereziki, kreditu-arriskuaren gestioa da entitatearen indargune handienetako bat. Ondorioz, berankortasun-tasak beherako bideari eutsi dio eta %8,44koa da, sektorearen batez bestekoa baino apalagoa, hori 2015eko otsailean %12,59ko ratioa baitzen.

Kaudimena (solbentzia)

Kreditu-kooperatibak %13,69ko kaudimen-ratioa du, Common Equitiy Tier 1 (CET1) ratioaren arabera. Sektorean nabarmentzeko moduko ratioa da.

Kreditu-inbertsioa eta aurrezkia

Bezeroei emandako kreditu osoa, hornikuntzak aintzat hartu gabe, 14.003 milioi eurokoa da. Saldoek beherako bidean jarraitzen dute, urtetik urtera %5,13ko beherakada izan baitute.

Aurreko epealdi berberarekin alderatuta, hiruhileko honetan familientzako hipoteka-kredituek %66 eta kontsumo-kredituek %29 egin dute gora. Joera berbera antzeman da enpresentzako finantzaketan, formalizazioen bolumena %54 eta inbertsio hori eskuratu duten enpresen kopuru %29 hazi baitira.

Baliabide bitartekotuen bolumen osoa (partikularren, enpresen eta erakundeen saldoak barne hartuta) 18.217 milioi eurokoa da, urtean %5,15 gora egin ondoren.

Emaitza kontua

Interes-tasa txikiekin jarraitzen du merkatuak. Horrek esan nahi du ohiko banku-negozioko marjinetan presio handia dagoela, oraindik. Halere, Laboral Kutxak errentagarritasun-maila egokiari eutsi dio eta 77,7 milioi euroko interesen marjina eskuratu du. Horri komisioek, dibidenduek eta beste finantza-eragiketa batzuek ekarritako sarrerak gehitu behar zaizkio, eta, guztiak bilduta, 112,8 milioi euroko marjina gordina lortu du. 49,6 milioi euroko administrazio-gastuak kontabilizatu eta hainbat gastutara 22,8 milioi euro bideratu ondoren, zerga ondorengo emaitza indibiduala 33,9 milioi eurokoa izan da. 2014ko lehen hiruhilekoaren aldean %5,2ko hobekuntza izan da, beraz.

Aseguruen negozioa  

Aseguruen negozioak mozkin-iturri garrantzitsua izaten jarraitzen du Taldearentzat. Urteko lehen hiruhilekoan merkataritza-jarduera hazi egin da, bai produkzio berrian, bai zorroari eustean. Datu horiei esker eta eraginkortasun-alorreko etengabeko hobekuntzei esker, negozio horrek 6,8 milioi euroko emaitza globala izan du lehen hiruhilekoan, iazko epealdi berean lortutako zenbateko berbera, alegia.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak