Antzuola-Bergara errepidearen lanak bukatzeko prozesua abiatuta

Ubane Madera 2015ko mai. 5a, 13:41
Deskargako obretako biadukto bat.

GI-632 errepidearen azken zatiko obrak egiteko kontratua esleitzeko prozedura hasi behar du Diputazioak; baina hori egin ahal izateko, aurrez proiektu teknikoa idatzi behar da. Bada gaurko (martitzena) Diputatuen Kontseiluak proiektu hori idazteko esleipen prozedura abiarazi du. Kontratuaren lizitazioaren aurrekontua (BEZa barne) da 798.600 euro. Eta lanak bukatzeko epea, berriz, sei hilabete.

Proiektu tekniko horretan kontuan edukiko dira oraingo egoera eta obraren exekuzio maila, eta zehaztuko dira hasita dagoen zatia osatu eta erabat bukatzeko egin beharreko lanak zeintzuk diren.

Lizitazio prozedura, datorren astean

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, lizitazio prozedura erabakia datorren astean jarriko da martxan, Gipuzkoako Aldizkarian atera ondoren, hain justu ere. Gero, obra egiteko interesa duten enpresek hilabete izango dute eskaintzak aurkezteko. Behin esleipena eginda, lanak egiteko epea sei hilabeteko izango da.

Kontratuaren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 660.000 euro da, gehi %21eko BEZari dagozkion 138.600 euro, beraz, 798.600 euro.

Arazo geoteknikoak eta akatsak

Diputatuen Kontseiluak joan den otsailean erabaki zuen GI-632 errepideko Antzuola-Bergara tarteko obra kontratua suntsiarazteko espedientea abiatzea; obra zuzendaritzak jakinarazi zuenez, arazo geoteknikoen eta proiektuko akatsen ondorioz, kontratua eten beharra zegoen obrak ezin zirelako egin hasieran hitzartutako moduan. Horretarako, ezaugarri teknikoen agiria idatzi da, eta lizitazio prozedura martxan jarri da.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak