Diruak osasuna bermatzen duenean

Veronica Tabares bergararra (eskuman) lagunekin.

Tumore gaiztoa zuen ondestean (hestearen bukaeran) Veronica Tabares bergararrak, eta astelehenean Bartzelonan egin zioten ebakuntza. Bizi kalitate hobea ziurtatu diotelako joan da Bartzelonara, ospitale pribatura, eta ia 36.000 euroko kostua izan du ebakuntza horrek. Hari laguntzeko kontua zabaldu dute lagunek La Caixan eta itsulapikoak jarri dituzte Bergarako hainbat tokitan eta Arrasateko Hiper Eroskin.

28 urte oraindik bete gabe zituela esan zion medikuak Tabaresi tumore gaiztoa zuela; albiste gogorra inondik inora: "Minbizia dut bai, baina aurrera egingo dut", esan zuen orduan. Martxoan egin zioten ebakuntza Donostian, eta tumorea kendu eta aztertu. Orduan albisteek okerrera egin zuten: "Muskuluen geruza ukituta nuen. Hortik ateratzen dira hesteetatik kanpo dauden ganglio linfatikoak eta horiek kentzea komeni zen", dio Tabaresek. Horretarako, baina, barrualdea hustu beharra dago, ondeste guztia eta uzkia kendu beharra. "Eta hori eginez gero poltsarekin bizi beharko nintzateke aurrerantzean… Oraindik gaztea naiz baina!", dio Tabaresek indartsu, eta gaineratu du: "Orduan bai, orduan negar egin nuen". Izan ere, jabetu zen poltsak bizimodua zeharo aldatuko liokeela: "Komunera joaterakoan ordu erdi beharko nuke gutxienez, garbitasuna zaindu behar…".

Bartzelonan aukera

Albiste beltzak eman zizkion mediku berberak argi izpi bati egin zion lekua zeru ilunean: "Inork laguntzekotan Bartzelonako mediku batek lagunduko ninduela esan zidan eta haraxe joan nintzen itxaropen bila". Baita itxaropen horiei oinarri sendoa eraiki ere hark. "Ondestea kenduko didala esan zidan, hesteak jaitsi beherago eta ondeste faltsua egin uzkira lotzeko. Poltsa barik biziko nintzateke eta bizimodu normala egin". Mediku horrek, baina, ospitale pribatuan egiten du lan eta norberak ordaindu behar du gastua: "Ebakuntzaren gastua ia 36.000 euro dira eta horrez gain daude Bartzelonako egonaldia eta hara joan-etorriak. Eta nik ez dut lanik egiten orain". Bikotekidearen eta osaba baten laguntzarekin kreditua eskatu du horretarako: "Baina dirua itzuli beharra daukat".

Dirua batzeko ekimena

Banan-banan aletxoa jarrita pilo handia egin daitekeela jakinik lagunak hasi dira dirua batzen Tabaresi laguntzeko. Zuriñe Belategi aretxabaletarra dago lagun horien artean, eta kontua zabaldu dutela La Caixan jakinarazi du, hona: ES24 2100 2414 14 0100315566.

Horrez gain Bergarako hainbat komertziotan eta tabernatan itsulapikoak jarri dituzte. Baita Arrasateko Hiper Eroskin ere.

Ebakuntza eginda

Astelehenean egin zioten ebakuntza Tabaresi Bartzelonan eta Belategi lagunak jakinarazi du ondo dagoela: "Luzea eta gogorra izan da baina ondo dago". Bergarako gazteak badaki hasi besterik ez duela egin ibilbidea, lehenengo indarrak berreskuratu beharko dituela eta gero behar bada kimioterapia edo erradioterapia etorriko direla. Baina ez da kikildu: "Gaztea naiz eta bizitzeko gogotsu nago".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.