Oñati
Hogeiko taldeetan batu eta oihalekin kalejira egingo dute herriko bost puntutatik abiatuta, 11:45ean (GEDen lokaletik, Boga taberna paretik, plazako pilotalekutik, Santa Anatik eta Ona tabernatik). Eguerdian josiko dituzte oihal zatiak elkarrekin eta hautetsontzi erraldoi bat irudikatuko dute, ekainaren 21etako jaialdietan egingo duten moduan. Jan-edana ere egongo da, ekintza girotzeko.
Eskoriatza
Eskoriatzarrak ere oihaletan mezuak eta marrazkiak egiten ibili dira azken asteotan eta bihar josiko dituzte. Arratsaldean izango da, 18:30etik 21:00etara, festa giroan. Haurrentzako tailerra, kalejira, musika, pintxoak, bertsoak... denetik izango dute.
Antzuola
Postua jarriko du Gure Esku Dagok 12:00etan plazan, atxikimenduak egin eta materiala erosteko. Jostunen argazkiekin mosaiko bat ere osatuko dute. Amaitzeko 12:30ean bideoklipa grabatuko dute eta, ostean, mokadutxoa etorriko da.
Aramaio
Egun osoa hartuko dute aramaioarrek bihar. Bertso-pelotie izango da jaia hasteko ekintza Aramaioko eta Legutioko bertsolari eta pilotarien arteko lehiarekin. Xabi Igoa eta Peru Abarrategi bertsolariak ibiliko dira hara eta hona girotze-lanean eta pilotariak izango dira Oihan Bideburu eta Ander Axpe eta Ander Sevilla (Aramaio) eta Ibon Ruiz de Alda (Legutio). Arratsaldean kalejira egingo dute.
Egitaraua
11:30 Bertso-pelotie. Ostean, triki-poteoa.
17:45 Kalejira.
18:00 Gure Esku Dagoren eskua irudikatuko da eta ostean joste ekitaldia egingo da txalaparta, musika eta bertsoekin. Jan-edana egongo da.
Arrasate
Herriko plazan jaialdia egingo dute (eguraldi txarrarekin Uarkape pilotalekuan), domekan. Txosna ipiniko dute, informazioa eta oihalak jasotzeko gunea egongo da eta materiala ere ipiniko dute salgai.
Egitaraua
11:00 Musikarekin ekitaldia berotzen hasiko da.
11:30 Txalaparta.
11:40 Trikitilariak.
12.30 Irrintzilariak eta txalapartariak.
13:00 Akrobatak eta zirkua.
13:30 Txatxilipurdirekin, umeentzako ekintzak.
13:35 Esku-oihala jasoko da, alboka, pandero jotzailea eta abar.
13:50 Kalejira-sugea egingo da
14:15 Agurra The Potes taldearekin.
Bergaran, maiatzean
Maiatzen 9an izango da eguna Bergaran. Jaia egiteko asmoa ere badute eta herriko balkoietan oihalak eskegiko dituzte eta emankizunak egongo dira. Arratsaldeko 18:30ean hasita, flashmob-a egingo dute, erraldoi eta buruhandiak egongo dira, dantzariak, txotxongiloak, bertsoak... Taldeak aurrerago emango du egitarau osoaren berri.
Aretxabaletan, beren beregi, ez dute Joste Egunik egingo baina gaur, barikua, 18:00etatik 19:00etara informazio postua jarriko dute plazan.