Greba deialdia hilaren 29rako eta 30erako eginda zegoen, baina aurreratu egin dute eta hilaren 23an eta 24an izango da. Sail guztietako langileak daude deituta eta norberak erabakiko du greba egiten duen edo ez. ELAren arabera, adibidez, Debagoieneko Ospitaleko zaindari guztiek egingo dute bat greba deialdiarekin. Sindikatu sektorial eta orokorrek egiten dute deialdia: ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT, SATSE, SME eta FFHEk, hain zuzen ere.
ELAko Osasun saileko Bego Azkunaga ordezkariak honako gomendio hau egiten du: "Egun horietan medikuarekin hitzordua dutenek 08:00etan dei egin dezatela, mediku hori lanera joan den galdetzeko". Edozein modutan, "zerbitzu minimoak estalita" daudela ziurtatzen du: "Guretako, pazientea da garrantzitsuena. Larrialdiak, etxez etxeko abisuak… eman egingo dira, dena antolatuta dago; inor ez da atenditu barik geratuko".
Azkunagak zentro guztietan greba irtetea espero duela dio, baina hauxe gaineratzen du: "Greba egiteak diru asko suposatzen du; bestalde, jendea beldur da, errepresaliak ez ote dituzten hartuko, nahiz eta, legez, ezin dieten ezer egin".
Greba egiteko "arrazoi asko"
Hainbat gauza eskatzen dituzte langileek: "Guztiondako OPE duina eskatzen dugu; gainera, gure lan-jarduna handitu izanak 3.000 lanpostu deuseztu izana ekarri du; bestetik, Osakidetzan aldi baterako daude 10.000 langile, kontratu eskasekin; zor diguten aparteko ordainsaria eta lapurtu digutena ordain diezagutela… Arrazoi asko daude".
Garapen profesionalaz, Azkunagak argitu nahi du Osakidetzak agindu ziela 2012a ezkero ordainduko zizkiela pizgarriak –hau da, atzeraeraginkortasunarekin–, baina orain 2015etik aurrera hasiko zaizkiela ordaintzen.
Ordezkapenak "lehenengo egunetik" egin daitezela ere eskatzen dute, "eta ez laugarren, zazpigarren… egunetik", dio ELAko ordezkariak.
Gaineratzen duenez, "pazienteengatik" ere egingo dute greba: "Lotsagarria da gaueko txandan zaintzaile bakarra egotea ospitale guztirako", esaten du Bego Azkunagak.
Osakidetzaren iritziz, "arduragabekeria" da deialdia
Osakidetzako arduradunek kritikatu egin dute honako greba deialdia. Radio Euskadin, Osasun sailburu Jon Darponek esan du "arduragabekeria" dela greba hori. Bere iritziz, deialdia "ez dago justifikatuta", ez sindikatuei egin dieten eskaintzengatik, ez eta Osakidetzan dauden "baldintza objektiboak eta soldatak" kontuan hartuta ere.
Darponek esan duenez, sindikatuen helburu nagusia 2010ean zeuden lan baldintzak berreskuratzea da, lan-jarduna murriztea eta soldatak handitzea, eta hori "ezin da orain egin", bere hitzetan.
Osakidetzako zuzendari Jon Etxebarriak Euskadi Irratian azpimarratu duenez, "neurrigabekoa" da greba deialdia, eta honakoa gogorarazi du: "Negoziatzerakoan, aurrekontuak dira gure muga".