Debagoienean, Udal hauteskundeetara EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztuko dituzte zerrenda gehien: herri guztietan, Leintz Gatzagan izan ezik. EAJk, 7 herritan, hau da, guztietan, Elgetan eta Leintz Gatzagan izan ezik. Irabazik eta PPk lautan: Irabazik, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan; PPk, berriz, Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Aramaion.
Bestalde, lau herritan izango ditugu gisa ezberdineko hautesle elkarteak: Arrasaten, Baleike (Podemos-Ahal Dugurena); Eskoriatzan, Elizateak (auzoetakoa); Elgetan, Gu Geu, eta Leintz Gatzagan, Leintz Gatzagako Hautesleen Elkartea. Azken herri honetan, gainera, hautagaitza bakarra izango da, hau da, herritarrek ez dute aukerarik izango beste hautagaitzaren bati botoa emateko. Aurreko Udal hauteskundeetan, orain arte, PP ere aurkeztu izan da.
Batzar Nagusiak
Batzar Nagusiei dagokienez, honako alderdi hauei bozkatzeko aukera izango dugu debagoiendar gipuzkoarrok: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, PP, Irabazi eta Podemos. Deba-Urola barrutian. Baina Gipuzkoako beste barruti batzuetan, Donostialdean eta Bidasoa-Oiartzunen, hain justu ere, Ciudadanos-ek eta UPyDk ere aurkeztu dituzte hautagaitzak.
Araban, bestalde, aramaioarrek aukera izango dute Arabako Batzar Nagusietarako botoa emateko Podemosi, Ciudadanosi edota Ikune-ri.