Dantzan elkartzeko ekimen berria dira dantza-afari tematikoak. Estreineko honetan, Portugaleko dantzak, musika eta afaria izango dira protagonista. Ohikoa den moduan Patxi Monterok egingo ditu dantza gidari lanak. Hori bai, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Prezioa 20 euro da —dantzaldia eta afaria—. Informazio gehiago hemen.
Herrixa dantzan, domekan
Aurretik baina, hitzordu berria dute Elgetan dantza gustuko dutenek. Domekan Txertubi taldearen zuzeneko musikarekin egingo dute saioa. Sarrera doan da eta parte hartzea irekia. 19:00etan hasiko da dantza saioa.
Saioan, gainera, Molinatxo bideo berriaren eta Txertubiren YouTube kanalaren aurkezpena egingo dituzte. Espaloia kafe antzokian grabatu zuten bideoa, otsailaren 21ean egindako entseguan, eta joan den astean jarri zuten ikusgai sarean.