Bergarak arnasa hartu du, eta Antzuolak azkenera arte borrokatzeko asmoa duela berretsi

Xabier Urtzelai 2015ko api. 18a, 19:01

Bergarako jokalaria baloia babesten, elgoibartarren artean.

Bergarak eta Antzuolak irabazi egin dute ligako 29. jardunaldia eta horri esker hiru puntu baliotsu batu dituzte. Bergarak Elgoibarren kontra (2-1), partidua malda gora jarri zaie Juanina Garairen mutilei baina egoera zuzentzea lortu dute, nahiz eta azken laugarren postuan jarraituko duten. Antzuolaren kasuan, berriz, amore emateko gertu zeudenean Ekain Garin entrenatzaileak adierazi zuen azkenera arte borrokatzeko asmotan zeukatela, eta ordutik hiru garaipen batu dituzte jarraian. Azkena duela minutu gutxi, Anaitasunaren zelaian.  

Futbolean egiteko itxura paregabea zeukan gaur Agorrosingo berdeguneak. Badirudi eguerdian botatako euri zaparradak kalte egin beharrean mesede egin diola zelaiari, baina berdegune gaineko ikuskizuna Bergarako eta Elgoibarko jokalarien hanketan zegoen. Mahoneroek ez dute partidua txarto hasi, bizpahiru gol aukera garbi izan dituzte markagailuan aurreratzeko, baina Elgoibarrek egin du gola (0-1).

Ate aurrean gola egiteko iaz baino zailtasun handiagoz, mahoneroek ez dute amore eman, eta 35. minutuan etorri da indarrak parekatu dituen gola (1-1), Xabier Jorgeren eskutik. Gol horri esker atsedenaldira lasaiago joan dira etxekoak, eta handik bueltan kolpe erabakigarria eman du Bergarak, 47. minutuan Iker Etxebarrik egin du-eta 2-1ekoa. Gol gehiago ez Agorrosinen, horrek esan gura du zale bergararrek ez dutela lasai arnasa hartzerik izan partidua amaitu den arte. Hau da, bigarren zati osoa. Lan handia geratzen zaio egiteko Bergarari, baina duda barik, taldeari arnasa eman dio garaipenak. 

Antzuolak, hirutik hiru

Antzuolak liga ia osoa behar izan du txapelketari neurria hartzeko, eta sailkapenean azkenak egonda normalena amore ematea zenean, kontrakoa egin dute, gora etorri. Liga osoan bi partidu baino irabazi ez, eta martxoaren 22tik hona hiru partidu irabazi dituzte, hirurak jarraian. Hala, gaur Anaitasunaren zelaian 1-3koa batuta, Muruamendiarazen eta Garinen mutilek sailkapenean azkenak jarraitzen dute –hori ez da aldatu– baina kontrarioengandik askoz ere gertuago. Oso zail dute oraindik, baina posible da. Datorren astean beste final bat, Usurbilen kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak