Diputatuen Kontseiluak martxoan onartu zuen foru arau proiektua berariazko arau bihurtu da. Helburua da inbertsio horiek ekarritako errenta negatiboak "modu malguagoan" integratzea eta konpentsatzea. Krisi garaian, zerga alorretan "zenbait sektoreri erantzuteko" neurrien multzoan sartzen du hori Foru Aldundiak. "Kalteen ondorio negatiboak nolabait arindu" nahi ditu, "egoera larria baita", Aldundiaren hitzetan.
Honakoa dio Foru Aldundiak: "Informazio desegokia jaso ondoren, hainbat aurreztailek arrisku handiko finantza produktuak eskuratu zituzten, eta galera handiak izan zituzten. Besteak beste kooperatibismoaren mugimenduak sustatutako mendeko finantza ekarpenak, Eroski eta Fagorrenak, eskuratu zituzten aurreztaile txiki askok eta inbertsio horiek galera nabarmena ekarri zieten".
Mendeko zorraren edo lehentasunezko partaidetzen inguruan, aldaketa bat egin zen 2014ko abenduan, errenta negatiboak integratu eta konpentsatzeko sistema aldatuaz eta berariazko edo konpentsazio araubide berezi bat ezarri zen aurreztaileen egoera arintzeko. Orain onartu den foru arauak bide hori jarraitzen du, eta "kooperatiba mugimenduak erabili duen mendeko finantza-ekarpenentzat antzeko trataera zabaldu eta osatzen da".
Fagor Etxetresnen kasua
Fagor Etxetresnen kasua gogora ekartzen du arau-egileak: "Mendeko finantzaketa horren zati handi bat aurreztaile txikien gain geratu zen. Bere aurrezki gehienak horrelako produktuetan inbertitu ondoren, inbertsio horiek balio galera nabarmenak izan zituzten. Kasurik okerrenean, produktuaren jaulkitzailea konkurtsoan sartu eta likidaziora iritsi zenez (Fagorren kasuan, esaterako), ekarpena egin zuenak erabat galdu zuen hasieran inbertitutako kopurua".
Foru arauak bi atal ditu: batetik, errentaren gaineko zergaren ondorioetarako, galera horiek nola kalifikatu diren zehazten da; bigarrenik, errenta negatiboak konpentsatzeko eta integratzeko erabiltzen dne sistema modu malguagoan planteatzen da, "zergadun hauen egoera zerbait arintze aldera".
Bihar, apirilak 14, sartzen da indarrean foru araua.