Aitor Perez protagonista UDAren eta Usurbilen arteko lehian (1-3)

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko api. 12a, 15:47

Aitor Perez baloia erdiratzen, artxiboko irudi baten.

Federazioek sustatutako grebak eraginda atzeratutako futbol partiduaren barruan UDAk 1-3 irabazi zuen atzo Usurbilen aurka. Aitor Perez izan zen Aretxabaletako taldeko protagonista, bigarren zatian zelairatu ostean bi gol sartu zituen-eta; bata bestea baino ederragoa. Oñatiarrak, berriz, puntu bakarra lortu zuten, Lasarten Ostadar taldearen aurka bina berdindu ondoren. 

Aretxabaletak nahiko kontrolatuta izan zuen Usurbilen aurkako partidua. Lehen zatian ez zen apenas jokorik eta aukerarik izan, batez ere baloi luzeak izan zirelako nagusi. Atsedenaldira husnako berdinketarekin heldu ziren eta bigarren zatian baloia jaitsi eta dakiten moduan jokatzeko erabakia hartu zuten Gorka Valleren mutilek.

Baloia jaistea izan zen gakoetako bat

Horixe egin eta bigarren zatiko 10. minutuan heldu zen Josu Arizmendiarrietaren gola (0-1). Ondoren, zelairatu berri zen Aitor Perezek sekulako gola egin zuen baloia orpoz jota. Hori gutxi balitz, gutxira egin zuen Perezek 0-3koa; zelai erdi ingurutik atezaina aurreratuta zegoela ikusi eta ez zuen bitan pentsatu. Eguna izan zuen atzo jokalari aretxabaletarrak. 90. minutuan etxeko taldeak 1-3koa egin zuen aretxabaletarren huts egite bat aprobetxatuta. UDAk bigarren jarraitzen du sailkapenean, lider den Ondarroako Aurrera taldearengandik zortzi puntura. 

Aloñak bina berdindu

Bestalde, Aloñak ere zapatuan jokatu zuen grebagatik atzeratutako partidua. Lasartera egin zuten bisita Igor Serranoren mutilek Ostadar taldearen aurka lehiatzeko: "Puntu positiboa da, jaitsiera postuetatik are gehiago urruntzen gaituena. Era berean, baina, pena da hiru puntuak ekarri ez izana, birritan aurretik izan ginen-eta markagailuan", dio entrenatzaile legazpiarrak. Josu Juaristik eta Asier Ugartek egin zituzten oñatiarren golak; jaitsieratik zazpi puntura daude orain. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak