Mondragon Unibertsitateak bikain kalifikazioa jaso du

Goiatz Arana Begiristain 2015ko api. 8a, 10:18
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko ikasleak.

Munduan dagoen ranking handienean, U-Multirank-en, jaso du bikain kalifikazioa, bost dimentsio ezberdinetan. U-Multirank-ek erakusten du bikaintasuna unibertsitate ezberdinen artean banatuta aurkitzen dela eta horrek aukera ematen die, MUko ordezkarien esanetan, ikasle eta enpresei, beraien interesekoak diren gaietan, bikainak diren unibertsitateengana jotzea, bai ikasteko, bai lankidetza proiektuetan aritzeko, bai graduatuak kontratatu ahal izateko.

U-Multirank-en dauden bost dimentsioetako parametro desberdinetan jaso du bikain kalifikazioa:

  • Ikas-irakaskuntza dimentsioan, graduazio tasa masterretan eta ikasketei dagokien garaian bukatutakoen kopurua goraipatzen ditu rankingak.
  • Ikerketa dimentsioan, bikain kalifikazioarekin aipatzen dira inpaktu indizea, ikerketarako kanpotik jasotzen den finantziazioa eta inpaktu oso altuko argitalpenak.
  • Bikain bezala aipatzen dira ezagutzaren transferentzia dimentsioan industriarekin egilekidetza, iturri pribatuetatik datorren finantziazioa ikerketarako, sortutako spin-off-ak eta profesionalentzako prestakuntzatik datozen diru sarrerak.
  • Nazioartekotzearen dimentsioan, bikain eta oso ongi bezala kalifikatu dira ikaslegoaren mugikortasuna eta atzerriko unibertsitateekin batera argitaratutako nazioarteko argitalpenak.
  • Eta bukatzeko, eskualdearekin binkulazioa dimentsioan, bikain bezala aipatzen dira eskualdeko unibertsitateekin batera egindako argitalpen bateratuak, eskualdeko finantziazio iturri desberdinetatik datozen diru sarrera kopuruak eta baita ere ikasleek eskualdean egiten dituzten praktikak.

1.200 instituziori buruzko informazioa

U-Multirank, mundu mailako ranking berria, nazioarte mailan unibertsitateen errendimendua alderatzeko erreminta ezin hobea da, MUko iturrien arabera.

Edizio honetan, goi mailako 1.200 instituziori buruzko informazioa jaso du. Ikerketan jasotzen diren unibertsitateak 83 herrialde ezberdinetakoak dira, 1.800 fakultate baino gehiago batzen dituzte eta 7.500 ikasketa programa.

"U-Multirank-ek ikusi arazten digu zaila dela unibertsitate bat dimentsio guztietan bikaina izatea eta bikaintasun hori unibertsitate desberdinen artean banatuta aurkitzen dela. Azken batean, munduko unibertsitate 'onena'ren kontzeptua, bilatzen ari garen horren araberakoa izango da", azaldu dute MUtik.

U-Multirank-eko Frans van Vught irakasle doktoreak dioenez, erakundeen %8k bakarrik azaltzen dute bikaintasuna ia arlo guztietan; %50, berriz, oso ondo kokatuta azaltzen dira, adierazle batzuetan. Eta horrek aukera ematen die, MUko ordezkarien esanetan, ikasle eta enpresei, beraien interesekoak diren gaietan, bikainak diren unibertsitateengana jotzea, bai ikasteko, bai lankidetza proiektuetan aritzeko, bai graduatuak kontratatu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak