Eguraldi eguzkitsua iragarri dute egunotarako

Ubane Madera 2015ko api. 1a, 11:00
Astelehenera arteko eguraldi iragarpena.

Eguzkitsu hasiko da Aste Santua Euskadin. Eta eguzkitsu antzean segituko du, oro har, egutegian gorriz markatuta dauden egun guztietan, zapatuan izan ezik. Ordura bitartean, tenperaturek ere gora egingo dute, Euskalmeten, euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera.

Gaur bertan (eguaztena) egingo du hobera eguraldiak, nahiz eta goiza grisetik joan. Eta bihar izango da Aste Santuko egunik dotoreena; Arrasaten 17 graduraino iritsiko dira tenperatura maximoak. Hori bai, minimoak baxuak izango dira: 3 gradu inguru honetan, eta baliteke Arabako eta Nafarroako zenbait lekutan izotza ere egitea.

Egubakoitza

Aldaketa gutxi ekarriko ditu egubakoitzak. Tenperaturak, maximoak zein minimoak, gorago ibiliko dira, eta nahiz eta zeruan hodei bakan batzuk ikusi, ez dute trabarik egingo.

Zapatua, domeka eta astelehena

Larunbatean, berriz, muturra apurtxo bat okertuko du eguraldiak, eta euriaren bisita izango da, bereziki, goiz partean. Tenperaturak ere beherago daudela igarriko da. Edozein modutan, arratsaldean ostarteak zabaltzen hasiko dira.

Eta joera hori izango da nagusi domekan: alegia, egun argitsua, eta tenperaturak goranzko joerarekin.

Aste Santuko azkeneko egunari dagokionez, Euskalmetek gaur dakarren iragarpenaren arabera, okertzera egingo du, tenperatura aldetik zein laino kopuru aldetik; nahiz eta ez den euririk aurreikusten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak