200 agentek jardungo dute irteera operazioa bideratzen

Ubane Madera 2015ko api. 1a, 08:00

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak gaur, eguaztena, aktibatuko du Aste Santuari dagokion irteera operazioa. 449.000 joan-etorri espero ditu apirilaren 6ra bitartean (astelehena). Iaz baino 15.000 ibilgailu gehiago dira horiek. 200 agente ibiliko dira bide nagusiak kontrolatzen.

Iazko Aste Santuko intentsitate-datuak aztertu ondoren, kalkulatu dute honako hiru puntutan erregistratuko dela zirkulazio-intentsitate handiena: A-8 autobian, Kantabriako mugan; AP-8 autobidean, Biriatuko ordainlekuan; eta Armiñongo lotunean, AP-1 autobidea A-1 autobiarekin lotzen den gunean.

Eta azken kasu horretan, bereziki debagoiendarrei begira, gogoan izan beharra dago Eskoriatza eta Luko artean bypass bitartez dagoela zirkulazioa bideratuta, errei bakarretik.

Gaur, Kantabriarako

Orduen araberako xehetasunak ere helarazi ditu Segurtasun Sailak:

Kantabriarako noranzkoan, zirkulazio intentsitate handia erregistratu ohi da gaur, Eguen Santu bezperan, 15:00etatik 21:00etara, eta Eguean Santuan, 09:00etatik 14:30ak arte.

Kantabriako itzulerari dagokionez, berriz, Pazko-astelehenean pilatzen da ibilgailu gehien, 13:00etatik  21:00etara, nahiz eta azken urteotan auto-ilara luzerik ez den sortu inguru hartan.

Bihar, Biriatu ingururako eta hegoalderako

AP-8 autobideari dagokienez, Eguen Santu goiza korapilatsua izaten dela gogora ekarri du Segurtasun Sailak. Iaz, 13 kilometrorainoko auto-ilarak sortu ziren, AP-8ko Irungo ordainlekua pasa arte.

Gogora ekartzen du, baita ere, balitekeela Armiñongo lotunean unean-uneko auto-ilarak sortzea, A-1 autobiatik AP-1 autobidera doan sarbidean, hiru bidetik bide bakarrera pasatzen delako.

Hain justu, gaur, eguaztena, 15:00etatik 20:00etara, eta Eguen Santuan, 08:00etatik 14:30era gertatzen dira zirkulazio-dentsitatetik handienak.

Itzulerari dagokionez, berriz, kasu horretan Pazko-astelehen arratsalde partean bueltatzen da ibilgailu kopururik handiena, baina Segurtasun Sailaren arabera, normalean ez da auto-ilara nabarmenik sortzen, Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, seinaleztapen-dispositibo berezia antolatzen baitu.

Azken bi urteotan (2013 eta 2014), eta Pazko-astelehenean autoak itzultzearekin batera, zenbait ilara erregistratu dira —2 km-koak gutxi gorabehera— AP-68 autobidean, Aretako ordainlekuan, Bilboko noranzkoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak