Preferente mailako derbia bigarren zatian erabaki da Mojategin. Lehenengoan ez da aukera askorik egon; atsedenaldiaren ostean, ordea, iritsi dira golak.
Nahikoa azkar iritsi da 1-0ekoa, falta baten jaurtiketaren ostean, bigarren zutoinean, Markel Gonzalezek hankarekin behetik egina. Bigarrena, handik gutxira: Mikel Aizpuruak, aldaratze bat aprobetxatuta. Kontraerasoan egin du hirugarrena Mondrak, Andoni Aizpuruaren bitartez.
Golek lasaitasuna eman diote Mondrari, eta baloia hobeto jokatu dute, ondorioz, bigarrebn zatian. Azkenean, lehenengo zatiak pentsatu arazi zezakeena baino errazago irabazi du Mondrak. Mutrikuk ere irabazi egin du; hortaz, bigarren postutik hiru puntura jarraitzen dute arrasatearrek. Datorren jardunaldian liderraren zelaian jokatuko dute. Aretxabaletako bigarren taldeak ere eroso jarraitzen du sailkapenean.
Antzuolak irabazi
Ohorezko Erregionalean, berriz, ezustekoa eman eta etxetik kanpo irabazi egin du Antzuolak. Sailkapeneko azkenak 1-2 irabazi dio erdi aldean dabilen Martuteneri.