Antzuolak berdindu eta Bergarak galdu

Julen Iriondo 2015ko mar. 19a, 18:49

Futbolean, Ohorezko Erregional Mailako 22. jardunaldiari zegozkion partiduak jokatu dituzte antzuolarrek eta bergararrek, bere garaian Espainiako Gobernuaren zenbait asmogatik protesta egiteko jokatu gabe geratutakoak. Antzuolak 0-0 berdindu du etxean Elgoibarrekin, eta Bergarak 2-0 galdu Tolosan.

Debagoieneko bi taldeek izan dituzte arerio indartsuak, goiko postuetan lehian ari direnak. Antzuolak partidu txukuna jokatu du. Defentsiboki ondo –Elgoibarren aukera garbiena euren huts batek eragin duen arren–, eta erasoan aukera garbirik sortu gabe baina kontrarioaren area inguruan gehiagotan agertuz, geldikako jokaldi askorekin. Azken minutuak bat gutxiagorekin jokatu ditu Elgoibarrek, eta etxekoek izan dute aukera polit bat, baina ezin izan dute golik egin.

Bergarak, berriz, ongi eutsi dio 70. minutura arte Tolosan. Orduan iritsi da partiduko lehen gola, korner batean. Mahoneroak behera etorri dira animikoki, eta bigarrena ere jaso dute orduan. Golak iritsi arte neurketa lehiatua izan da eta Bergarak ondo jokatu du, nahiz eta ez talde batek ez besteak gol aukera askorik ez sortu –Juanina Garairen mutilek bakarren bat izan dute hasieran–.

Asteburuan, berriz, 27. jardunaldiko partiduak jokatuko dituzte talde denek. Aretxabaletak eta Aloña Mendik apirilaren 12an jokatuko dituzte 22.ekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak