Ingeniaritzako ikaskuntzari buruzko munduko biltzarra egiteko aukeratu dute Mondragon Unibertsitatea

Julen Iriondo 2015ko mar. 19a, 13:39

Donostialdeko campusean (Orona Ideon) egingo da ekitaldia uztailean, eta 300 ikertzaile bilduko ditu. Bertan, Arazoetan eta Proiektuetan Oinarrituriko Ikaskuntzako (PBL) esperientziak partekatuko dira, ingeniaritzako prestakuntzaren ildoak finkatzeko. Benetako bizitzan oinarrituriko arazoei konponbidea aurkitzeko, lantaldeen arteko lankidetzaren aldeko apustua egiten du PBL-k.

Ekitaldia unibertsitatearen Donostialdeko Orona Ideo campusean egingo da uztailaren 6tik 9ra, eta horretarako ikaskuntzako metodologia horren alorreko elkarterik nabarmenenen laguntza izango du. Horien artean dago Alborgeko unibertsitatea (Danimarka). Unibertsitate hori Arazoetan Oinarrituriko Ikaskuntzako UNESCO Zentroa da Ingeniaritzako Zientzien eta Iraunkortasunaren alorrean, eta erreferentzia da Europan. Gainera honako hauen babesa ere badu: Universitat Politécnica de Cataluña (UPC), Universidade do Minho (Portugal) eta Saxion University of Applied Sciences (Holanda).

Arazoetan Oinarrituriko eta Proiektuetan Antolaturiko Ikaskuntzaren ikasteko metodoan ikasleek, taldeetan antolatuta, benetako arazoei –adierazgarriei– aurre egiten diete, ikuspegi kritiko batetik aztertuz eta arazoa bere osotasunean konpontzeko konponbiderik egokienak identifikatuz eta eraikiz. Gainera, bizitza osorako eta edozein egoeratarako baliagarria da estrategia hori. Ingeniaritzaren kasuan, arazoek energiarekin, osasunarekin, lehengaiekin, iraunkortasunarekin eta abarrekin dute zerikusia.

Biltzarra askotariko publikoari dago zuzenduta, hala nola ingeniaritza-alorreko ikasleei, irakasleei, ikertzaileei, enpresei eta erakundeei. Mundu mailako ingeniaritzako ikaskuntzako hiru ikuspegi handi bilduko dira. Horri esker, hainbat ikuspegitatik komunitateen arteko eztabaida gurutzatua sortu ahal izango da, baita hezitzaileen arteko sareak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak