Xterra Basque Country Tour lasterketa berria, Arantzazun

Xabier Urtzelai 2015ko mar. 18a, 16:58
Bi atleta Isklar Norseman Xtrem triatloian. | subcuatro3.files.wordpress.com

Xterra izeneko mendiko triatloien zirkuituak Euskal Herrian geltoki bat izango du, Arantzazun, ekainaren 21ean. Hala, kirol hitzordu handiak antolatzera ohituta dagoen Fortuna elkarteak hartu du proba antolatzeko ardura –Behobia-Donostia eurek antolatzen dute– eta bertako ordezkari Iñigo Etxeberriak eman dizkio GOIENAri xehetasun gehiago:

"Xterra frankizia bat da, Europako beste leku askotan antolatzen dituzte mendiko triatloiak, esaterako, Frantziako zirkuitua oso ikusgarria da, eta guk Euskal Herrian antolatzeko interesa erakutsi genuen", azaldu du.

 Turismoa sustatzeko asmoaz 

Antolatzaileek Arantzazuko eta inguruko parajeak aukeratu dituzte proba egiteko: "Gurean turismoa kostaldean sustatzen dugu gehienbat, eta proba hau barnealdean egin gura genuen. Debagoiena aukeratu genuen, eta zehatzagoak izateko, Arantzazu, daukan balioagatik, eta Aizkorri-Aratz parkearen edertasunagatik". 

 Mendiko triatloi bakarra

Lasterketaren gaineko xehetasun zehatzak aurrerago emango dituzte antolatzaileek: "Hainbat kontu zehazten ari garelako oraindik. Gabon aurretik jaso genuen baiezkoa, eta erlojuaren kontra gabiltza lanean. Eta, pozik gaude oso harrera ona jaso dugulako harremanetan jarri garen Debagoieneko hainbat kirol elkarteren partetik".  

Hala, Arantzazukoa izango da Euskal Herrian egiten den mendiko triatloi bakarra. Baieztatu barik badago ere, igeriketa saioa Urkulun egitea da asmoetako bat, handik Urbiara mendiko bizikletan joatea, eta hango inguruetan korrika saioa egitea. Eta, gogortasunaren arabera Open eta Pro kategoriak izango dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak