Korrika 19

Hasi da Korrika!

Julen Iriondo 2015ko mar. 19a, 17:19

Argazkia: Colette Larraburu

Hainbat ordutako aurre-festaren ondoren, 17:00etan hasi da euskararen aldeko lasterketa. AEK-ko irakasleek eta irakasle ohiek eraman dute lekukoa lehen kilometroan, alde batean eta bestean pilatutako jendetzaren artean.

Urepeletik abiatuta, milaka lagun izango dira, lekukoa eskuan eta haien atzetik, Bilbon martxoaren 29an amaitzeko kilometroz kilometro jardungo dutenak, Euskahaldun! aldarrikatuz.

Bidali itzazue Korrikarekin lotutako argazkiak Whatsapp bidez 688 690 017 zenbakira eta Twitterren #korrika eta #goiena traol-berbekin argitaratu, eta Goiena.eus-en jarriko ditugu. 

Bestalde, Korrikaren Debagoieneko ibilbidearen jarraipen osoa egingo du Goiena Komunikazio Taldeak martxoaren 23an. Furgonetatik bertatik, herriz herri, Korrika Txikiak… egunean bertan, Debagoiena zuzenean saioak tarte berezia eskainiko dio. Goiena.eus-en argazki galeriak eta bideoak izango dira ikusgai egunean bertan. Euskahaldun guztion argazkiak jasoko ditugu Goiena.eus-en aurrez aipatutako bideak erabilita, Whatsapp eta Twitter.

 

Debagoienari dagokionez, agerikoa da Korrikarekiko dagoen maitasuna. Ilarduiak esandako moduan, fideltasun handia erakusten dute parte hartzen duten herritarrek, eragileek eta erakundeek. 

Baina, gainera, urtetik urtera handituz joan da atxikimendu hori; horren adierazle da aurten kilometroa hartu duten parte-hartzaile "berriak" daudela.     

Arrasate: Mondragon Taldeak eskuratu du kilometroa, Laboral Kutxak ere bai, eta baita Debagoieneko Ospitaleak, erakunde bezala, eta ospitaleko langileek, euren kabuz.  

Oñati: Lagun Lekuko erretiratuek estreinaldia dute. Bestalde, Zubillagako suhiltzaileek kamioiak-eta aterako dituzte eta sirenak eta argiak erabilita harrera egingo diote Korrikari.

Bergara: Elay enpresak 50 urte beteko dituenez, eta Jose Luis Elkoro enpresaren sortzailea izan zenez, Elayri dagokion kilometroaren lekukoa haren atari parean hartuko dute. Bestalde, adibidez, "lagun batzuek atzerriko euskaldunberri bati kilometroa oparitu egin diote, berak parte har dezan", kontatu du Ilarduiak.

Aretxabaleta: GRS egoitzakoek parte hartuko dute estreinakoz. "Nahi dituzte egoitzako nagusiak atera. Hala, apurtxo bat motelduko da Korrika bertatik pasatzerakoan. Gustu handiarekin egingo dugu. Eta badakigu gainontzekoek gero korrika arinago egingo dutela inongo arazo barik, GRSko nagusiek ez dute-eta beste aukerarik parte hartzeko", dio Korrikaren koordinatzaileak. 

Eskoriatza: Korrika herri barrura sartzen ez denez, Postaka (korrika) egingo duteetzi, martxoaren 20an. Bestalde, bertan ordezkaritza duen Ansareo enpresak utziko ditu Korrikarekin Euskal Herria zeharkatuko duten furgonetak. 

Antzuola: Korrika ez da handik pasatzen, eta, hala ere, Antzuolako enpresa esanguratsuenek parte hartuko dute bertan: Goizperrek, Matz Errekak eta Elayk. Eta, jakina, baita Udalak ere, bestelakoen artean. 

Leintz Gatzaga: "Nahiz eta ez pasatu bertatik, kilometroa eskuratu dute. Korrika Kulturala ere oso ondo landu dute, eta agerikoa da Korrika presente egoten dela Gatzagan", dio Ilarduiak.

Aramaio: berezitasun handia du. Herriko talde guztien artean herri-poltsa egiten dute eta horrekin eskuratzen dituzte Aramaiori dagozkion kilometro guztiak. Gero, euren artean banatzen dituzte kilometrook. Adibidez, Santa Agedan batutako dirua erabiltzen dute horretarako…

Elgeta: lau kilometro egiten ditu Korrikak handik, eta zortzi elkarteren artean eskuratu dituzte kilometrook. "Eta Elgeta ere txikia da", nabarmendu du Maite Ilarduiak. 

Erlazionatuak

Bihar hasiko da Korrika 19

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015 mar 18 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak