2014ko errenta eta aberastasuna aitortzeko aurtengo kanpainarekin lotuta, dagokion atala argitaratu du dagoeneko Foru Ogasunak (www2.gipuzkoa.net). Aurtengo kanpainaren alderdi nagusiak laburtzen dituen orria ere jaisteko moduan ipini du; eta, joan den egubakoitza ezkero, norberaren zerga informazioa –errentak, atxikipenak, gastuak…– eskura daiteke Internetez (Gipuzkoataria), edo postaz bidaltzeko eskatu. Informazio hori errentako laguntza programara inportatu daiteke, autolikidazioaren emaitza kalkulatzeko eta aitorpena Internetez aurkezteko. Lehenengo aldiz, aurreko ekitaldiko aitorpenaren datu guztiak inportatu ahal izango dira.
Autolikidazio proposamenak onartzeko epea apirilaren 13tik ekainaren 25era izango da aurten, eta martxoaren 31n ikusi ahal izango du norberak webgunean proposamena jasoko duen edo ez; errenta mekanizatua aurkezteko hitzordua eskatu ahal izango da apirilaren 16tik ekainaren 5era arte; eta aitorpenak aurkeztu ahal izango dira apirilaren 17tik ekainaren 25era arte.
EAJ, PSE-EE eta PP
Aurten izango da EAJ, PSE-EE eta PPk hitzartutako akordio fiskala aplikatuko den lehen urtea, eta zenbait aldaketa daude.
Aurrezpenaren errentei dagokienez, orain, 2.500 eurora arteko errentek %20 ordaintzen diote Ogasunari. 30.000 euro baino gehiagokoek %25 ordaindu beharko dute.
Zergadunaren adinaren araberako dedukzioak ere aldatu egiten dira aitorpen bateratua egiten denean: 334 euro edo 612 euroko (65 urtetik gorakoak edo 75 urtetik gorakoak diren arabera) dedukzioa izango dute zerga-oinarria 25.000 euro baino txikiagoa dutenek, eta beste dedukzio bat, 25.000 eta 35.000 euro arteko zerga-oinarria dutenek.
Gehiago deduzituko zaie ohiko etxebizitza 2012ko urtarrilaren 1a ezkero erosi zutenek: dedukzio orokorra %15etik %18 izatera pasatzen da. %20tik %23ra pasatzen da dedukzioa 30 urtera artekoendako –orain arte 35 zen adin muga.