Hitzaldia eta erakusketa, Amsograren 15 urteak ospatzeko

Leire Kortabarria 2015ko mar. 18a, 08:00
Amsograko kide batzuk, Nikaraguako ume talde batekin.

Hamabost urte betetzen ditu aurten Amsogra (Amistad y Solidaridad con Granada-Masaya-Ocotal) elkarteak, debagoiendarrek sortua eta Debagoieneko hainbat udalen laguntza jasotzen duena Nikaraguan garapen ekintzak egiteko. Hori dela eta, hitzaldia eta argazki erakusketa antolatu ditu Amsograk; sortzaile eta kide Iñaki Agiriano mediku arrasatearraren esanetan, helburua da Debagoieneko udalek eta herritarrek jakitea gaur egun zertan dabilen elkartea. 

Agirianok azpimarratzen du dagoeneko bederatzi urte daramala Amsograk Debagoieneko udalen diru laguntza jasotzen: "Arrasate, Bergara, Aretxabaleta eta Bideberri Mankomunitatearen laguntza jasotzen dugu", esan du Iñaki Agirianok. Elorrioko Udalak ere finantzatzen ditu Amsograren proiektuak.

Hitzaldia, 15 urte Nikaraguatik, apirilaren 14an izango da seguruenik (data guztiz finkatzeko dute), eta argazki erakusketa, Chiguines (Niños), apirilaren 13tik 20ra. Biak Bergarako osoko bilkuren aretoan izango dira.

Eskubide unibertsalak

Amsogra elkartea 2001ean sortu zen, eta 2002an hasi zen lanean Nikaraguan. Masayan eta Granadan hasi ziren, eta 2006a ezkero, horiez gain, Nikaraguako iparraldean dagoen Nueva Segovian ere badabiltza. Gaur egun, proiektuen %80 hantxe egiten dituzte.

Amsogra elkartearen printzipioak hauek dira: etxebizitza eta osasuna eskubide unibertsalak direla eta horrela hartu behar direla, eta horregatik, euren lan-esparru nagusiak etxebizitza duin eta osasungarria eta osasuna bera dira.
Iparraldean, Chorotega de Mozonte herri indigenarekin batera dihardu Amsograk.

"Guretako moduko etxeak"

Etxebizitzari dagokionez, bi irizpideren inguruan egiten dute lan hasieratik: ez egitea pobreendako etxebizitza pobreak, eta gainera, elkarteko kideak bizi izateko gertu egongo liratekeen etxebizitzak egitea. Nekazariak eskulana ipintzen du eta 1.800 adobe egiten ditu, eta Amsograk eraikuntzarako materiala eta langileak ipintzen ditu. Horren zergatia honela azaltzen du Agirianok: "Horrela, ez dugu ezer opari ematen, eta gainera, nekazariak bere gisa hartzen du etxebizitza, ez norbaitek emandako gisa".

Lanpostuak sortzen dituzte  

Osasun arloan, bi landa-osasun postu dauzka Amsograk, bat Masayako landa-komunitateetan eta bestea Mozonteko Apamiguel komunitatean. Helburua da eurengana ailegatzea zaila den herriei edo osasun-zentro batetik urruti bizi diren herriei osasuna eta botikak gerturatzea. Osasun Ministerioarekiko hitzarmenaren bitartez egiten dute lan hori, eta hitzarmena urtero berritzen dute. Horren bitartez, Amsograk langileen (mediku bat eta erizain bat) kostua hartzen du bere gain, eta botikak erosteko ere laguntzen du. Langileak nikaraguarrak direnez, proiektuak bi lanpostu sortzen ditu osasun-postu bakoitzeko, eta osasun politika Osasun Ministerioak erabakitzen du.

Iñaki Agirianok honela azaltzen du helburua: "Osasun-postu horiek iraunkor izatea, eta Nikaraguako osasun-sareko zati bihurtzea". Horretarako, 2014a ezkero, lantzen dabiltza Osasun Ministerioa, pixkana-pixkana, bi postu horiek edukitzea dakarren kostua bere gain hartzeko aukera.

Masayako postuak 3.600 laguneko populazioa hartzen du, eta 2014an 7.000 artatze baino gehiago egin ziren han. Apamigueleko postuak 1.400 lagun atenditu ditzake.

Bestalde, 2008a ezkero, Ocotaleko Ospitale eta Erizaintza Eskolarekin hezkuntza arloko elkarlana dauka Amsograk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak