Aritz Gordo: "Kirol argazkiak dira denak, baina arlo pertsonala kontutan hartu gura izan dut"

Aritz Gordok (Arrasate, 1980) azken urteotan egindako kirol argazki onenekin argazki erakusketa jarriko du Arrasateko Kajoi tabernan [martxoaren 7tik apirilaren 8ra arte]. Guztira 25 erretratu aukeratu ditu Antonio Murillorekin batera, eta metro bateko neurrian jarriko dituzte.

Zer nolako erretratuak ikusi ahal izango ditugu erakusketan?

Kirol argazkiak dira denak, baina bertan azaltzen diren pertsonaien arlo pertsonala islatu gura izan dut. Paisaien erretratuak ere gogoko ditut, baina zaila egiten zait horiei puntu pertsonala ematea. Hau da, Barrikako hondartzara joaten banaiz oso zaila da beste argazkilariek egiten ez dutena egitea, horri ukitu pertsonala ematea. Baina gauza bera gertatzen da Anoetan, ala Bernabeun. Argazkilari mordoa gaude gauza berari erretratuak atera eta atera, hor zaila da orijinala izatea. Baina, kirolari batekin hitzordua egiten dudanean, lekua aukeratzen dugunean, argi aproposa dagoela ikusi, kirolaria zelan prestatzen den jaso, enkoadraketa ezberdinak bilatu... Beste balio bat ematen diet argazki horiei, nahiz eta berez, egiteko argazki errazak diren, hau da, bakarkako saioetako argazkiek teknikoki ez dute aparteko zailtasunik. Esan gurako nuke, baita ere, kirol argazkiak egitea obturadorea abiadura azkarrean jartzea baino gehiago dela, nahiz eta jendeak kontrakoa pentsa [barre].     

Erreportaje batzuk bereziak izan dira.

Bai, eta pena eman dit, baina saio bakoitzetik argazki bakarrarekin geratu naiz. Ez da geratzen ondo erreportaje batetik bizpahiru erretratu aukeratzea, ikuslea nekatu egiten delako, baina hori egiteko gogoz geratu naiz, gustuko argazki batzuk kanpoan geratu direlako. 

Kirol argazkiak dira denak, baina kirola arlo zabala da.

Bai, oso. Eta konturatu naiz niri gustatzen zaizkidan kirolak islatu ditudala erakusketan. Beno, squash-ekorik ez dut sartu, eta lagunen bat haserretu egin zait [barre], baina ez dut squasheko argazki oso onik, eta ez dut betelanik egin gura izan. 

Bestalde, gauza bat da kirola, eta beste bat txapelketak. 

Ez dira gauza bera, inolaz ere. Hain zuzen, kirolaren barruan dauden arlo ezberdinak batu gura izan ditut. Erretratu batzuk bakarkako saioetan egindakoak dira, kirolariek zelan entrenatzen duten erakusten dutenak, eta badira txapelketetako ala lasterketetako argazkiak ere: Euskal Herriko selekzioko mendi lasterkariekin, futbol jokalariekin, pilotariekin, surflariekin... Azken saio horiek beste intentsitate bat erakusten dute, kontzentrazio handiagoa... Baina halakoetan kirolariaz ez duzu inongo harremanik izaten. 

Futbol partidu bateko erreportajeak, esaterako, ez du kirolaria ezagutzeko aukerarik ematen.

Bakarkako saioetan protagonista, kirolaria bera gertuagotik ezagutzen ahalegintzen naiz. Egia da kirolari asko lehenagotik ezagutzen nituela, asko lagunak dira; akaso Markel [Irizar] izan da lehenagotik ezagutzen ez nuen salbuespenetako bat. Berba asko egiten dugu halakoetan, gauza ezberdinez, eta asko baloratzen dut euren partetik ere proposamenak jasotzea, ideia berriak botatzea. Halako saioetan gozatzen dut gehien.

Txarrena da erretratu horiek ez direla oso salgarriak.

Ez, oso argazki pertsonalak dira, eta halakoak ez dira saltzeko errazak. Baina helburua ez da argazkiak saltzea. Hori egin nahiko banu ez nituzke kiroletako erretratuak aukeratuko. Errazagoa da paisaien argazkiak saltzea. 

Aurrera begira, erronkarik?

Ba, akaso, lehenagotik ezagutzen ez ditudan kirolariekin leku berrietan argazkiak aterako nituzke gustura. Izan ere, Albiñako errepideko zulo bakoitza buruz ezagutzen dut [barre]. Egia da jende ezagunaz leku ezagunetara joanda argazki onak ateratzeko aukera handiagoak dituzula, baina horrela lan eginda zaila da argazkilari moduan haztea. Gauza berriak probatu gura ditut.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.