Quequé: "Euskal abestiren bat kantatzera ere ausartuko naiz, akaso"

Queque (Argazkia:queque.net)

Malditas canciones bakarrizketarekin dator Hector de Miguel Quequé (Salamanca, Espainia) Elgetara. Gaur, egubakoitza, eta bihar, saio bana egingo du Espaloia Kafe Antzokian, monologoen mostraren barruan. 22:30ean hasiko dira biak. Sarrera, 12 euro.

Lehen aldia da Elgetara zatozela, ezta?
Bai, baina azkena ez izatea espero dut.

Ezagutzen zenuen mostra?
Egia esan ez, baina behar ditugu horrelako ekimenak. Luzaroan iraun dezala.

Zer eskainiko duzu? Zer prestatu duzu gaurko eta biharko saioetarako?
Malditas canciones du izena ikuskizunak eta tarteka musika entzungo den ordu pasako saio umoretsua izango da. Abestiak entzungo ditugu; bizitza alaitu eta izorratu zizkiguten abestiak izango dira. Baina ez ditut nik bakarrik abestuko, han elkartuko garen guztiok baizik.

Zer nolako abestiak izango dira? Adibiderik ematerik bai?
Denok ezagutzen ditugun kantuak izango dira baina nahiago dut ez aurreratzea, sorpresa galduko da bestela-eta.

Jendearen laguntza beharko duzu?
Momentu batzuetan, gainera, beharrezkoa izango da ikus-entzuleen laguntza. Batez ere nik oso gaizki abesten dudalako eta iparrekook oso ondo kantatzen duzuelako. Raul Martin gitarra-jotzailea izango dut ondoan.

Ausartuko zara euskal abesti klasiko baten bertsiorik egitea?
Klasikoa zeri deitzen diozunaren araberakoa da galdera horren erantzuna. Euskal folkloreko abestiez ari bazara, ba ez. Ez naiz ausartzen, ez ditut abesti horiek horrenbeste ezagutzen. Aldiz, Platero y Tú, Negu Gorriak, Fito, Kortatu edo antzerako taldeez ari bazara, ba... akaso bai!

Lanerako ez ezik, zertarako aprobetxatuko duzu Elgetako bidaia?
Jateko.

Eta Elgetatik, nora?
Bilbora. Ikuskizun bera egingo dut domekan eta gero Cordobara, The Hole lanarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.