Hil edo biziko derbia Estalan

Mireia Bikuña 2015ko ots. 27a, 09:38

Urrezkoak. Beharrezkoak. Hil edo bizikoak. Ezinbestekoak. Horietako edozein adjektibo jar daitezke domekako (16:00) derbiko puntuak direla eta. Estala futbol zelaian aurrez aurrez Antzuola eta Aloña. Estu eta larri dauden bi talde. Zuloan Antzuola (12 puntu) eta zulora begira Aloña (21 puntu).

"Gure egoera gehiago larri ez dadin, irabazi egin behar dugu, bestela zulora begira ipiniko gara", dio Aloñako entrenatzaile Igor Serranok. "Aloña larri badago, zer esango dugu guk? Irabazi edo irabazi. Ez dugu besterik. Puntuak hirunaka batzen hasi behar dugu; bestela, oso zaila izango da", esan du Jon Muruak, Antzuolako entrenatzaileak. 

Bi taldeak gogotsu 

Aurreko aste bukaeran kolpe gogorra jaso zuten bi taldeek: Antzuolak Bergararen kontra galdu zuen Agorrosinen eta Aloñak Tolosaren kontra Azkoagainen. Kolpe latzak izan arren, biek ala biek gogotsu ikusten dituzte euren jokalariak. "Oñatira heldu nintzenetik jokalarien konpromisoa ikusgarria izan da. Ez daukat kexarik eta badakigu gure esku dagoela bizi dugun egoerari buelta ematea", dio Serranok. Iritzi berekoa da Murua: "Gure buruarengan konfiantza daukagu. Hamasei final ditugu aurretik eta badakigu zer egin behar dugun. Jokalariak gogotsu daude. Gogor entrenatzen dira. Ea, bada, zorte apur batekin egoera aldatzeko gai garen".

Entrenatzaileen presioa

Antzuolarrak liga hasieratik daude zuloan sartuta. Oñatiarrak gainbehera etorri dira. Bere postua arriskuan ikusi duen galdetuta, zera dio Serranok: "Hori zuzendaritzari galdetu beharko zenioke. Baina, egia esan, entrenatzaileok beti gaude arriskuan. Are gehiago, emaitzak txarrak direnean. Buruak buelta asko ematen ditu, baina ni lasai nago. Lanerako gogoarekin".

Presioak baino gehiago, animoak jaso dituzte Jon Muruak eta Ekain Garinek. "Antzuolan beste modu batera bizi dute futbola. Zuzendaritza batzordearen eta zaleen aldetik animoak besterik ez dugu jaso orain arte. Etxean galduta ere, beti txalo artean agurtzen gaituzte, eta hori ez da ohikoa", azpimarratu du Muruak.

Futbol zelai txikiak 

Estala eta Azkoagain futbol zelai txikiak dira. Antzuolakoa Oñatikoa baino txikiagoa. Hor dute antzuolarrek abantaila txiki bat. "Etxeko puntuak oso inportanteak dira denboraldian zehar. Guk zelaiari neurria hartu diogu, baina jakin badakigu Aloña mendean hartzea oso zaila izango dela. Lehiatzen badakigula erakutsi dugu, eta domekan ere hala egin beharko dugu irabazteko", adierazi du Muruak. 

"Hainbat aldaketa izan ditu Antzuolak taldean, baina zuloan egon arren gogor borrokatuko da. Are gehiago, etxean jokatu eta puntuak behar dituenean. Derbi parekatua izango da. Ziur", dio Igor Serranok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak