Guztira 14 linea egongo dira martxan Debagoienean, 10 arrunt, bina eskaripeko eta gauekoak. Ibarreko herriak lotuko dituen bi zirkular egongo dira; Debagoieneko herriak Legazpi eta Zumarragarekin ere lotuko ditu autobus lineak. Herrien arteko loturaz gain, Eibarreko lotura, hiriburuetarakoa eta Loiuko aireporturako konexioak zaindu dituzte. Larraitz Ugartek gaineratu du azken urte eta erdian garatutako parte-hartze prozesuaren ondorio dela zerbitzu berria.
Elorregiko autobus geltokia
Elorregiko autobus geltokia ere martxan jarriko da martxoaren 1ean, zerbitzu berriarekin batera. Hasieran herrien arteko loturak egiteko erabiliko den arren, epe luzera begira, hiriburuetara joateko geltoki bezala dago pentsatuta. Eskaripeko zerbitzua izango da Elorregikoa, baina horretarako makina jarri bitartean, autobus guztiak bertan geratuko direla argitu du Ugartek.
Eskaripeko ibilbideei dagokienez, hurrengoak izango dira: Bergara eta Elgeta artekoa eta Leintz Gatzaga eta Arrasateko ospitalearen artekoa. Eskaripeko zerbitzua hobetzeko sistema berritzaile bat probatzen ari dira Tolosa aldean, eta helburua da behin frogatuta gurean ere ezartzea. Helburua autobusa geltokitik bertatik eskatzea izango da. Hori martxan jarri arte ostera, Elorregiko geltokian autobus guztiak geratuko dira. Berrikuntza guzti horien helburua garbia da; garraiobide publikoa geroz eta gehiago erabiltzea.