Agorrosingo zelaiaren egoera txarrak guztiz baldintzatu du bi taldeen jokoa; baloiak goitik eta estrategia. Muruaren jokalariek izan dute partiduko lehengo aukera hasi eta berehala; baina hortik aurrera, etxekoek izan dituzte gol aukera gehien. Lehenengo gola 22. minutuan egin du Balzategik penaltiz. Epailearen erabakiak eztabaida handia sortzeaz gain; eskua adierazi du Antzuolako defentsak argi eta garbi nahi barik jo dion arren. 1-0ekoa eginda, etxekoak erasoan jarri dituzte ahalegin guztiak eta hainbat gol aukera izan dituzte; batez ere, ondo aprobetxatutako falten ondorioz. Antzuolako atezainari, Mardarazi, esker atsedenaldiko emaitza bakarrik 1-0eko izan da; bi geldiketa ikusgarri egin ditu-eta.
Aldageletatik bueltan partidua berdintsu hasi da, eta 17. minutuan etxekoek kontraerasoa ederki egin ostean, 2-0eko egin du Gorosabelek. Aurrelariak atezaina aurreratuta zegoela ikusi eta area kanpotik jaurtiketa indartsu bat eginda zulatu du bigarrengoz antzuolarren atea. Partidua guztiz bideratuta izan zutela zirudien arren, 22. minutuan epaileak merezitako txartel gorria atera dio Gorosabeli atzetik egindako falta zikin baten ondorioz. Orduan lehia berotzen hasi da eta hamar minutu beranduago Muruaren mutilek 2-1eko jarri dute markagailuan etxeko atezainaren aldaratze txar bat aprobetxatuz. Agirreren golak bizia eman die antzuolarrei eta aurrean estutzen hasi dira. 35. minutuan, etxekoen bigarren jokalaria, Balzategi, kaleratu du epaileak bigarren txartel horia atera ostean, eta Muruaren jokalariek norgehiagoka berdintzeko aukerak izan dituzten arren, ez dute zorterik izan eta esku hutsik bueltatu dira Antzuolara.