Aste bukaerako futbol partiduak bertan behera utzi dituzte

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko ots. 13a, 10:11

Euskadiko Futbol Federazioko zuzendaritza batzordeak erabaki du bere txapelketa guztiak bertan behera uztea –baita Espainiako Federazioak eskuordetzen dituenak ere. Hori kontuan hartuta, aste bukaera honetan ez da futbol partidurik izango bailaran. Erabaki hori Espainiako Gobernuak hartu gura dituen neurri batzuen aurrean protesta egiteko modua da. "Oinarrizko futbola eta futbol amateurraren aldeko neurria da", azaldu du federazioak ohar bidez.

Txapelketa bertan behera uzteko arrazoietako bat hau da: Kirol Kontseilu Gorenak eta Enplegua eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak egindako azterketa baten arabera erabaki dute kluben jarduerarekin lotura duten pertsona guztiak kontratua izan behar dutela eta  gizarte segurantzara kotizatu. Horren arabera, monitoreak, entrenatzaileak, futbolariak... horiek guztiek kotizatu egin beharko lukete. "Erregulazio propio eta berezia garatzea eskatzen dugu, kirol ez profesionalarendako", dio oharrak. "Elkarte txikietan zaila izaten da jendea aurkitzea, beti berdinak gabiltza lanean. Hala, guri laguntzen ibiltzen direnei deklarazioa egin behar dutela esaten badiegu, ba, jendea ez da animatuko lanean jarraitzera", azaldu du Ramon Azkarate Mondrako zuzendaritzako kideak eta Gipuzkoako eta Euskal Federazioko kideak.

Horrelako neurriekin oinarrizko futbolean lanean diharduten elkarte asko desagertu egingo liratekeela uste du Azkaratek.

Kinielen dirua

Greba egiteko beste arrazoi bat kinielen diruari dagokiona da. "Kinielen dirua banatzeko orduan, futbol profesionala eta ez profesionalaren artean dagoen bereizketa handia da", dio oharrak. Azkaratek azaldu du orain arte kinielen %1a jasotzen zutela: "Federazioak banatzen du diru hori eta elkarte askorendako diru laguntza handia da. Estadioak, berdegunea, argiteria... konpondu izan da diru horrekin". Diru laguntza hori ere kentzea nahi dutelako protesta egingo dute.

Bestalde, txapelketa profesionaletako ikus-entzunezko eskubideen diru banaketa ere ez da justua Federazioarendako; eta, gainera, Espainiako Federazioak ezarri gura dituen hainbat arau  atzera bota gura ditu Kirol Kontseilu Gorenak. Hori guztiagatik ere protesta egingo dute.

Esan bezala, aste bukaera honetako –22. jardunaldia– lehiak ez dituzte jokatuko. Hala ere, aurreko astean elurragatik atzeratutako batzuk egubakoitzean joka dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak