Urritik daude martxan Mondragon Unibertsitatearen Euskal Kulturgintza Transmisio ikasketak, eta otsaileko hirugarren aste bukaerarako dago iragarrita Joseba Sarrionandiaren parte-hartzea.
Idatziz bidaliko du Sarrionandiak bere hitzaldia. Graduondoko gai-ardatza, aurten, euskal nazio kulturalaren aurrerabidea da, eta koordinatzaile Julen Arexolaleibaren esanetan interesgarria izango da gaiaren inguruan Sarrionandiak erbestetik egiten duen gogoeta. Pentsalariaren ekarpenari ematen dio garrantzia Arexolaleibak. "Sarrionandiak gai honen inguruan idatzi izan du liburuetan, baina gai honi buruz idaztea eta gogoeta bideratzea… horixe da guretzako garrantzitsua. (…) Aldez aurretik bidaliko digu idatzia eta ikasleei pasatu diegu. Eta ikasleekin landu ondoren zabalduko dugu".
42 lagun elkartzen dira graduondoko saioetan. Urrian hasi ziren lanean eta urtarrilera bitarteko saioek emandakoarekin pozik agertu da Arexolaleiba. Ekainera bitarteko saioei dagokienean izen ezagun asko dira, oraindik ere, ikasleekin elkartzekoak. Mariluz Esteban, Jose Angel Irigarai, Joseba Zulaika, Juan Jose Ibarretxe, Jesus Egiguren eta Xabier Zubizarreta, besteak beste.
Sormenaren eta literaturaren inguruko saioak ere tartekatuko dituzte graduondoan. Parte-hartzaileen artean daude, esaterako: Eider Rodriguez, Ixiar Rosas, edo Aire Ahizpak.