Horrez gain, Adegiren esanetan, enpresen konfiantza krisi aurreko mailara arte hazi da; hamar enpresatik zazpiren ustez, merkatuaren egoera normaltasunekoa edo susperraldikoa da gaur egun. Baikortasunez begiratzen diote, beraz, aurtengo urteari, baina tentuz eta eszeptizismo handiarekin jokatzeko eskatu du enpresarien elkarteak, ez dagoelako argi 2015etik harago norainokoa izango den hazkundearen sendotasuna eta iraunkortasuna.
Euroak jasandako balio-galerak esportazioari onurak ekarriko dizkiola uste du Adegik, baita enpleguaren sorrerak, besteak beste, barne-eskaerari bultzada emango diola ere. Horiek eta beste hainbat faktore kontuan hartuta, 2015ean Gipuzkoako Barne Produktu Gordina gutxienez %2,3ra igotzea espero dute.