Aurten, iazko urria ezkero martxan den gai-jartzaile eskolatik abiatuta, Ainhoa Aranburuk, Arnaitz Lasartek, Eñaut Agirrek eta Josu Goikoetxeak hartu dute egunean zehar gertatuko dena prestatzeko ardura, eta gaiak ere eurek landu dituzte. "Bertsolariei jolaserako proposamena egingo zaie, jolastea nahiko genuke, baina serio jolastea. Bertsotan egin dezatela", adierazi dute Bertsozale Elkartetik.
Debagoiendar bat tartean
Goizeko saioetan kantuan arituko direnen artean, Xabi Igoa aramaioarra ere izango da, beste hainbat bertsolarirekin batera. Bertsozale Elkarteak deituta, bi aldiz pentsatu gabe eman zion baiezkoa Igoak eskaintzari, eta onartu du horrelako eskaintza batek, nola ez, "ilusioa" piztu diola. Dena den, aramaioarra ez dago urduri, jendaurrean aritzera ohituta dagoela esan du, eta zapatukoa "saio bat gehiago" izango dela.
Oraindik bada sarrerak erosteko aukera, Bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrera arruntak 18 euro balio du –bazkideentzat 13– eta afarira ere joan nahi dutenek 40 euro ordaindu beharko dituzte –bazkideek 33.