Ur ertzetako hegodun bizilagunak

Ornitologoak hegaztiei begira.

Neguarekin batera urteroko bisitariak iritsi dira Euskal Herrira, baita Debagoienera ere: Europa iparraldeko lurretatik datozen hegaztiak.

Eta sasoi hori aprobetxatzen dute urtegi, ibai eta kostaldera iritsitako hegazti urtarren errolda egiteko. Itsas Enara ornitologia elkarte kideek toki bakoitzeko hegazti kopurua zehazten dute, zein espezie dagoen eta espezie bakoitzetik zenbat. 

Mundu mailako neurketa da. 60ko hamarkadan hasi ziren lehen urratsak egiten eta Euskal Herrira 80ko hamarkadaren bueltan iritsi zen. Eusko Jaurlaritza sustatzailea da eta Hazi fundazioak koordinatzen du. Gipuzkoako kasuan, Itsas Enarak egiten du zenbaketa beste elkarte batzuen laguntzarekin; horien artean, Arkamurka, Zumaia natur taldea eta Iparraldeko Saiak; 40 lagun ibili izan dira. Antzeko data hartzen dute erreferentzia munduko bazter guztietan, eta, guztira, 20.000 lagun ibili izan dira urtero.

Urkulun hegazti gutxi 

Urkulu urtegian elkartu ziren joan den zapatuan Josemi Devesa elorriarra, Asier Sarasua eibartarra eta Iker Novoa oñatiarra. Eta urtegiari buelta emanaz zenbatzen joan hegaztiak: "Poliki-poliki joaten gara begira, han eta hemen geratuta. Toki zabalenetan teleskopioa erabiltzen dugu, eta bestela, kataloxak", dio Sarasuak. Gero, Deba ibaikoak zenbatu zituzten, Elgoibarrerainokoak; baita Aixolako urtegikoak ere. Zein da, baina, zenbaketa horren helburua: "Jakin gura da zein espezie dagoen eta bakoitzak zein joera daukan; hau da, gehitzen doan, gutxitzen… Eta horrekin batera, hezegunearen ezaugarriak eta horren garrantzia. Hain zuzen, hegaztiak dira adierazle jakiteko hezeguneak ondo dauden edo ez, eta zein neurri hartu behar diren hobetzeko", gaineratu du. Urkuluren kasuan, hegaztirik ez egotetik mordoa egotera pasatu zen 90eko hamarkadan: murgilariak, ahateak… Eta azken urteotan jaisten joan da kopurua: "Basahate batzuk, kopetazuri batzuk… ikusten dira, baina askoz gutxiago. Ez dakigu ondo zergatik den; badirudi uraren kalitatea aldatu egin dela, anatidoen elikagai diren beheko landaretza ere bai, arrainen espezieak… Eboluzio naturala ere izan daiteke".

Martin arrantzalea bueltan 

Deba ibaiaren kasuan, alderantzizkoa gertatu da, haren egoerak hobera egin du azken hogei urteotan, eta, ondorioz, berriro itzuli dira hegaztiak, beste ornodun eta ornogabe batzuekin batera: "Ez da arraroa uroiloak, paitak, ubarroiak edo beste hainbat ikustea Eskoriatzan hasi eta Debaraino, eta zenbait espezie, martin arrantzalea eta ur zozoa, esaterako, ugaritzen dabiltza", dio Sarasuak.

Hala, zapatuan zentsatu zituzten espezieen artean daude horiek guztiak. Zenbatutakoen artean nagusi izan dira basahateak, 551; gero, uroiloak, 53; eta hirugarren, ubarroiak, 22. Eta askoz kopuru txikiagoan gainerakoak : kopetazuriak, 16; murgilak, 9; ur-zozoak, 4; lertxun hauskarak, 3; kaio hankahoriak, 3; ahate txistulariak, 2; martin arrantzaleak ere 2; eta antzara bakarra.

(Basahatea)

 

(Uroiloa)

 

(Kopetazuria)

 

(Murgila)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.