Arrasatearrek lehia zaila dute aurrean, izan ere, Pielagos sailkapenean oso aurrean ez doan arren, oso talde ona da, jokalari indartsuak dituena. Azken partidua galtzetik datoz arrasatearrak –92 eta 50 galdu zuten Estelaren aurka–. Arerio gogorra izan zuten aurrean, ikuspuntu fisikotik ondo prestatutako kirolariak dituena eta altura handikoak. Gainera, arrasatearrak ez ziren kantxara horrelako talde bati aurre egiteko beharrezko grinarekin irten eta jokaldietara berandu iristen ziren. Hala ere, Mondragon Unibertsitateko mutilak ondo dabiltza. "Pentsatzen genuena baino hobeto", dio Larreategi entrenatzaileak eta irabazteko asmoz joango dira Pielagosen etxera.
Natra Oñati eta Eskoriatza
Natra Oñatik etxean hartuko du Ibaizabal, sailkapeneko bigarrena. Bihar izango da norgehiagoka 18:00etan hasita. Aurreko jardunaldian Mungiaren aurka galtzetik datoz oñatiarrak (61-72).
Bestalde, Eskoriatzako neskak Donostiara doaz hirugarren jardunaldi honetan Internacionalen aurka jokatzera. Bi taldeek bihar, zapatua, neurtuko dituzte indarrak, 16:00etan hasita. Aurreko asteburuan Orioren aurka galdu zuten eskoriatzako neskek (32-37).