| Bilboko Arrese Gozotegia |
Bilbon harrapatu zuen gerrak Justo Uribarrena Arteaga. Elektrizitatea ikasten ari zen Bizkaiko hiriburuan, eta baita gozogintza ere, familia artekoa zuen Arrese gozotegi entzutetsuan. Gerran Arabako Erreketeen 5. Konpainian aritu zen eta Brunete, Aragoi eta Kataluniako fronteetan hartu zuen esku.
| Ricardo Oreja UCEMeko presidentearekin |
Arrasatera 1943an ailegatu zen, Unión Cerrajeran lan egitera, elektrizitate tailerretako buru bezala. Urte hartako azaroaren 27an Castora Urionaguena abadiñoarrarekin ezkondu zen Abadiñoko elizan.
Eta bikotea Arrasateko Zigarrola auzoan | Ezkontza egunean |
bizitzera joan zen, hain justu UCEMen etxeetara. Bertan egon ziren, harik eta 1950ean Justo enpresaren Bergarako Labe Garaietako lantegira bidali zuten arte, fabrikako arlo elektrikoaz arduratzeko. Handik ostera Arrasatera itzuli zen sendia 1954an.
Justo Uribarrena 1961eko irailaren 26an izendatu zuten Arrasateko alkate, Julio Otaduy ordezkatuz, horren tokian eta modu probisionalean azken sei hilabeteetan Andres Bidaburu aritu bazen ere. Eta Uribarrena aginte makila hartzeaz bat, | Udaletxean |
badirudi Arrasateko Udaletxean gauzak beste modu batean kudeatzen hasi zirela. Behintzat, horrela gogoratzen dute garai hura eta udal giroa bertatik bertara ezagutu zutenek. Herriko udaletxean tentsioak izan ziren zinegotzien artean aurreko agintaldian. Hirigintzari buruzko planak – horra hor, adibidez, Aramaio ibaiaren estaldura eta horrek suposatzen zuen azpiegitura aldaketa, trafiko desbideratze garrantzitsuarekin- dimisioak emateraino eraman zuen udal korporazioan. Eta zama handia adierazten zuen hark guztiak udal auzietan. Uribarrenaren agerpenak giro astun hartan freskotasun apur bat ipini zuen.
| Fagelectron |
Lekukoek diotenez, alkate berria ez zen bere lan profesionalera joaten (artean alkatea ez zegoen liberatuta, jakina) kargu politikoak exijitzen zizkion zenbait betebeharrekin konplitu gabe. Adibidez, egunero ostera bat ematen zuen herrian zehar, azpiegitura obra desberdinetako egoeraz jabetzeko. Eta eguerdiko tartetxoa aprobetxatuz Udaletxera hurbiltzen zen tramiteko gaiak aztertzeko funtzionarioekin. Iluntzean berriro, zinegotziekin batera, mahai inguruan elkartzen ziren, ohiko gaiei heltzeko. Oso zorrotza zen udal beharginen lanarekin eta herrian gogoratzen denez, behin Monte tabernatik Gonzalo Moro udaltzain burua aterarazi zuen, beste lagun batzuekin batera edaten ari baitzen, lan orduetan.
Harreman sare zabala ehundu zuen herriko gizarte eragile desberdinekin eta sarri despatxatzen zituen haiekin arrasatearrei gehien interesatzen zitzaizkien puntuak. Oso modu hurbiletik segitu zuen herritarren bizimodua, udal karguan iraun zuen tartean. | San Andres auzoa obretan, Valencia Remon gobernadorearekin |
Ezaguna da, esaterako, 1962ko maiatzean UCEMen jasandako greba zela eta, gobernadore zibilak guardia zibil mordoa bidali zuela Arrasatera. Hura ikusita, eta ondorioak larriagoak gerta ez zitezen, Uribarrena alkatea Zigarrolako Axeriko zubira atera zen eta guardia zibiletako buruarekin hitz egin zuen, gobernadorearen agindua desaktibatuz. Eta Uribarrenari esker jo ahal izan zuen fabrikako sirenak, langileak lanera itzul zitezen.
Aitaren ezpaletik, antza, eta haren mailara iritsi ez bazen ere, astean zehar infrakzioren batengatik udal kalezainek isunarekin zigortutakoen zerrenda prentsan agertzen zen. Askok gogoratzen ditugu oraindik egunkariaren herriko kronikan“XXX, por hacer aguas menores… 25 pezeta; YYY, por blasfemar… 30 pesetas” eta halakoak, isuna pairatzen zutenen izenak auzokoen aurrean agertuz, medio pribatu batean. Egun, ulertezina izango litzatekeena.
| Besaiden, domina bat jasotzen ari |
Justo Uribarrena, bestalde, herriko bizimoduan esku hartzen zuen beste edozein hiritarren antzera. Mendira ateratzea zuen laket eta “Euskal Herriko ehun gailurrak” egitera heldu zen. Ehiza, zinea, musika, pilotan jokatzea eta noizean behin Toki Ona tabernan kartaka lagunekin aritzea gustatzen zitzaion. “Gramola bat zeukan etxean eta disko mordoa. Ahots onekoa zen eta kantua ere gustukoa zuen. Eta perretxiko zalea zenez gero, gibelurdinak ekartzen zituen, etxerako eta lagunekin Zigarrolako San Isidro elkartean merendatzeko” oroitzen dute emazteak eta alabek.
| Besaiden, bere semearekin |
Eta sekretutxoren bat ere bazuen: aldian behin Muruamendiaraz gozotegira joaten zen eta bertan Polikarpo eta Juanitarekin obradorean ziharduen, gazte denboran Bilboko Arrese gozotegian ikasitakoa praktikan jartzen eta erakusten. Diotenez, Muruamendiarazeko hostopil goxoak Justo Uribarrenaren formulari zor zitzaizkion. Horrela den ala ez frogatzerik ez bada ere, uribarrenatarren etxean jaten ziren goxokiak aitak prestatzen zituen, goizeroko esne opilak barne.
| Parrokiako abesbatzarekin |
Sentsibilitate berezia erakutsi zuen Santa Agedako osasun etxeko gaixoekiko, eta ahal izan zuen guztietan alabak eta semea eramaten zituen zentro haietaraino, betatik bertara froga zezaten euren normaltasunean pribilegiatuak zirela. Bestalde, herrian gaixoaldi luzez etxetik atera gabe zeuden arrasatearrak ere bisitatzen zituen Justo Uribarrenak haien etxeetan. Oso humanotzat jotzen dute alkate hura ezagutu zutenek.
Uribarrenaren ideia politikoei dagokienez, garaiko agintearen ideologia monokolorea zen arren, tonu desberdinak ematen ahalegindu zen beti. Behin, gobernadore zibilaren gonbidapena jaso zuen Donostiara joateko, Francoren harrera ekitaldia zela eta. Uko egin zion. Eta adierazgarria ere da beste anekdota hau: Nasser presidente egiptiar sozialistarekin eskutitzak bidaltzen zizkioten elkarri.
| Udaletxean, harrera ekitaldi batean |
Aurreratu dudan moduan, oso tarte laburrean aritu zen alkatetzan. 1961eko irailaren 26an udal plenoak Antonio Valencia Remon gobernadore zibilaren ebazpena irakurri zuen, Justo Uribarrena alkate izendatzen zuela adieraziz. Eta urriaren 4an presiditu zuen lehen bilkura. Berarekin batera honako kide hauek osatzen zuten korporazioa: Andres Bidaburu, Agustin Azkoaga, Valentin Carrillo eta Luis Mendarozketa, alkate orde gisa; eta Norberto Jauregibarria, Jose Maria Uranga, Vicente Sagasta, Rafael Amozarrain, Dionisio Laspiur,Santiago Arana, eta Ignazio Balzategi zinegotziak. Idazkari nagusia Gaspar Castellano zen eta Interbentorea Migel Angel Sagardoy.
| Uribarrenak sinatutako azken akta |
Arrasateko udalaren aurrekontu ekonomikoa 6 milioi pezetakoa zen urte hartan eta 30 langile zeuden nominan. Beste garaiak ziren! Atera kontua: udal bilkuraren 1962ko akta batean irakur daiteke: “La presidencia, previa invocación del Espíritu Santo, declaró abierta la sesión…” Uribarrena agintean egon zen hamabost hilabeteetan, gehien bat herriko azpiegituraren hedatzeari heldu zion, zinegotzien laguntzarekin. 1962ko abenduaren 29an azken aldiz presiditu zuen Uribarrenak udal taldea. Hurrengo bilerako aktan, 1963ko urtarrilaren 23, gaixorik zegoela irakur daiteke.
Giltzurrunetako gaitzak jota, martxoaren 16an, larunbata, hil zen Donostiako ospitalean. Egun berean udal plenoa konbokatu zen eta honako erabakia hartu zuten bildutakoek:
| Hilkutxa Udaletxetik elizara daramate |
“Hacer patente el gran pesar y profundo dolor que a toda la Corporación ha causado el fallecimiento del Sr. Uribarrena, quien a lo largo del año y medio que ha regido los destinos de Mondragón puso todo su afán y desvelos en pro del buen gobierno local, con dedicación plena a su cargo y con una entrega sin límites para la resolución de los problemas colectivos e individuales de los vecinos de Mondragón, dedicación y entrega que le agravaron sin duda sus padecimientos físicos al olvidarse de sí mismo para darse a los demás”
Hil kapera Udaletxeko areto nagusian ipini zen egun hartan bertan eta biharamuneko eguerdira arte egon zen gorpua agerian, milaka hiritar igaro zelarik alkate ohiari azken agurra emateko. Igandeko eguerdian atera zuten elizara hilkutxa, errespontsorako.
| Kanposanturako bidean |
Zerraldoaren inguruan lore koroi mordoa ikusten zen, besteak beste Juventud Deportiva Mondragón, San Isidro eta Caza y Pesca elkarteak, Club Ciclista Mondragonés, Besaide kirol elkartea eta herriko udal funtzionario eta Musika Bandarenak. Gorpuaren ehorzketa etorri zen jarraian eta herrian sekula ez ikusitako jendetza ikaragarria bildu zen komitibaren bi aldeetan.
Astelehenean izan ziren hiletak parrokian eta gobernadore zibilak “Caballero de la Orden de Cisneros”-eko domina entregatu zion alarguntsari, Jose Solis ministroak hala erabakita.
Amaitu zen Justo Uribarrenaren aro laburtxoa alkatetzan. Arrasatek alkate on bat galdu zuen. Eta baita pertsona on bat ere.
Argazkiak: Uribarrena Urionaguena sendiarenak eta Wikipedia |