Zapatuko protestara deitu dute Arrasateko manifestazioan

Errepresiorik ez. Aski da! leloarekin manifestazioa egin dute gaur iluntzean Arrasaten, Sortuk deituta, atzoko polizia operazioa salatzeko. Bertan, zapatuan Donostian, hainbat eragileren ekimenez, egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Hamasei lagunen atxiloketa –horietako hamabi euskal presoekin, besteak beste, lan egin ohi duten abokatuak– utzi zuen atzoko polizia operazioa salatzeko izan da Arrasateko manifestazioa.

Jendetsua izan da protesta, eta, herriko kaleak zeharkatu ostean, hasitako leku berean amaitu da, Seber Altube plazan.

Amaieran, dei egin diete herritarrei zapatuan Donostian egingo den manifestazioan parte har dezaten. 17:00etan hasiko da, Antiguako tunelean, eta Giza eskubideak, bakea eta konponbidea izango du leloa. Besteak beste, Lokarri, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, ELA, LAB eta Bilgune Feministak babestu dute protesta. Arrasatetik autobusa aterako da bertara joateko, 15:30ean Garibaitik. Txartelak salgai daude Bengoa, Irati eta Taupa tabernetan.

Antzuolatik ere irtengo da autobusa: autobus geltokitik, 15:40ean. Gaztetxean eman daiteke izena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.