Urtea ez zuten ondo hasi antzuolarrek, joan den astean 4 eta 0 galduta Aurrerarekin. Horregatik derrigorrez irabazi beharra zuten atzo eta gol asko eginda hobeto. Batetik, puntuak eskuratzeko, eta bestetik, konfiantza berreskuratzen hasteko.
Puntuak derrigorrean behar dituzte zulotik atera eta goranzko bidea hartzeko; izan ere, orain arte 10 bakarrik batu dituzte bi partidu irabazita. Ea atzoko garaipenarekin konfiantza berreskuratzen hasten diren Jon Muruamendiaraz eta Ekain Garinen mutilak, hemendik aurrerako partidu guztiak izango direlako finalak.
Bergarak eta Aloñak galdu
Bergarak Martuteneren aurka jokatu zuen atzo eta gol zaparrada jasota itzuli zen, lau gol hain zuzen (4 eta 0). 19 punturekin sailkapenean atzera geratzen hasita daude Bergarakoak eta datorren asteko partidua garrantzitsua izango da. Izan ere, puntu bat gainetik duen Zarautzen etxera joango da.
Aloña Mendik ere puntuak behar ditu Bergararen atzetik dago-eta sailkapenean 17rekin. Atzo Touringen etxean izan zen eta esku-hutsik itzuli 2 eta 1 galduta. Datorren astean ere kanpoan jokatuko du, Martuteneren aurka hain zuzen.
Erregional preferentean Mondrak galdu
Mondrak ere galdu egin zuen Mutrikun, 2 eta 1. Partidu garrantzitsua zen arrasatearrendako; izan ere, irabaziz gero Mutriku harrapatuko zuen eta puntuetara berdindu. Orain, baina, ihes egin die eta 6 puntura jarri. Mondra 23 punturekin dago Aretxabaletarekin berdinduta, UDAk irabazi egin zion-eta zapatuan Zumaiakori, 4 eta 3.
Josu Zubiak hartu du Arrasateko taldearen gidaritza eta mailaz igo gura badute ezingo diete puntuei alde egiten utzi. Datorren astean ere kanpoan jokatuko du, Tolosan hain zuzen.