Asier Sala eta Los Galerna, Debagoienetik Europara

Errusian izan da Sala Bad Co taldearekin eta Los Galernakoek Amsterdamen hasi dute urtea. Arrasatearrek, gainera, Herbehereetara egindako lehen bidaiaren ostean, disko berria grabatu dute.

Bad Co. Project taldearekin izarren pare ibili da Asier Sala Errusian zehar. Hiru kontzertu eskaini dituzte guztira, eta batetik besterakoetan promotore baten laguntzaz mugitu dira. "Beti izaten genuen furgoneta bat zain, eta kontzertuen amaieran zaleek argazkiak ateratzeko geratzen gintuzten", gogoratzen du.

San Petersburgon jo zuten lehen kontzertua, eta esperientzia "ona" izan bazen ere, Moskutik gertu dagoen Riazan herrian sentitu ziren gusturen. Herri txikiagoa izanik, "familia giroan" egon zirela esan du Salak, eta ikusleak "hurbil" sentitu zituztela. Moskun eman zioten amaiera birari, kontzertu "garrantzitsuenarekin", eta Rock House klubean 700 pertsonaren aurrean jardun zuten.

Aurrera begira, berriz, Salak dio Bad Co. Project taldekoekin elkarlanean jarraituko duela, gitarra-jotzaileak taldea utzi egin du-eta. Gauzak horrela, maiatz eta ekain inguruan Alemaniako hainbat jaialditara eurekin joatea espero du, baita taldea Arrasatera eta inguruetara ekartzea ere.

Los Galerna, Amsterdamen

Gabon zahar gauean, berriz, Los Galerna taldeko mutilak Amsterdamgo Maloe Melo tabernan izan ziren, goizaldeko lauretara arte luzatu zen kontzertua eskaintzen. Taldeko kide Jagoba Domingok azaldu duenez, gustura onartu zuten "taberna mitikoan" jotzeko aukera, duela 30 urte inguru ireki zenetik Maloe Melo punta-puntako blues musikarien agertoki izan da-eta. Inguruneaz gain, kontzertua ere "berezia" izan zen Los Galernakoentzat, 45 minutuko hiru tartetan 38 kanta jo zituzten-eta, "ohi baino kontzertu luzeagoa" eskainita.

Purgen talde errusiar ezagunarekin batera aritu ziren, baina Salak aitortu du harreman estuena Agitators talde gaztearekin izan zutela. "Haiek dituzten erreferente musikalak eta gureak oso antzekoak dira, eta hori jakin genuenetik argi genuen gustuko izango genituela", dio arrasatearrak.

Handik itzuli, eta disko berria grabatzeari ekin diote Bilbon, Silver Soundseko Martin Gebararen laguntzaz. The Cavernaries Mexiko DFko taldearekin elkarlanean sortutako diskoa izango da. Zuzenean eta taldekide guztiek batera egin dute grabazioa eta lortutako soinua "gordina" eta "punk kutsukoa" dela esan du Domingok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.