Bergaran hiru gasolindegi eraikitzeko baimen eskaerak onartu egin dituzte

Baldintza guztiak beteta, Bergarako Udalak onartu egin ditu udalerriko lurzoruan hiru gasolina-zerbitzugune eraikitzeko baimen eskaerak. Beasain-Durango korridorearen irteera ingururako dira eskaera bi, eta AP-1 autobidearen irteera ere aprobetxatuko dute; adibidez, Eroskik.

Eroskik eskatutako baimena Leizeagarako (IATren parerako) da. Hain justu ere, han duten aparkalekuaren zati batean gasolindegia eraikitzeko baimena tramitatu dute, errepiderako irteera propio eta guzti.

Bigarren eskaera, berriz, AP-1 autobideko Labegaraietako sarrera parean dagoen Mostei Tailerrak aurkeztu du. Kasu horretan, gainera, Mosteiren pabiloiaren ondoan obrak hasi dituztela agerikoa da.

Eta azken baimen eskaera Bergarako bi partikularrek egin dute. Kasu horretan, Bonbulu ingururako baimena da eskatu eta onartu zaiena; hau da, Bonbuluko okindegiarena zen oruberako, Aseginolaza kontzesionarioaren ingururako. Hantxe egokituko du Diputazioak Beasain-Durango korridoretik Bergararako sarrera ahalbidetzeko biribilgunea.

Udaren bueltan

Esandako moduan, Bergarako Udalak onartu egin ditu hiru baimenok. Edozelan ere, horrek ez du esan gura proiektu guztiak egingo direnik. Baina hala izaten bada, aurreikuspena da uda ingururako edo uda osterako zabalik izango direla hiru gasolindegi berriok eskualdean.

Osintxukoa, itxita

Eta gasolina-zerbitzugune kontuekin bukatzeko, Osintxun Gureak enpresaren parte den Guregas-ek zeukana, berriz, itxi egin dute. Gabonetan izan da hori, baina lehenagotik jakinekoa zen ixtekotan zebiltzala. Hala, abenduan ordutegia murrizten hasi ziren eta Gabonetan ingurua prezintatu eta zerbitzua emateari utzi egin diote. Krisia izan da, kasu horretan, zerbitzu hori eteteko arrazoi nagusia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.