Julen Telleria: "Oraintxe bertan sinatuko nuke bizitza osoan irratian aritzea"

Julen Telleria.

Jaioterriaz harro dagoen tolosarraren ahotsa egin zen lehenengo ezagun, besteak beste, 'Akabo bakea' irratsaioarekin; orain, ETB1eko 'Gu ta gutarrak' programa aurkezten du.

1. Saioan, Euskal Herriko kuadrilla jatorrenaren bila zabiltza. Jatorrena ez da, bada, norberarena?

Horretan dudarik ez dut, baina ikuspegi soziologikotik polita da elkar ezagutzen ez duten gazteak batu eta ondo moldatzen diren frogatzea. Ondo irten da esperimentua: agerian geratu da norberarenaz gain beste kuadrilla jator batzuk sor daitezkeela.

 

2. Nolako esperientzia dabil izaten zuretzat?

Telebista mundu ezezaguna nuen, eta asko ari naiz ikasten. Saioko gazteekin ere asko nabil ikasten: giza ikuspegitik, bat-batean sekulako harremanak sortu dira.

 

3. Parte-hartzaileak asko aldatzen dira kamera piztuta egon edo ez?

Uste dut kontziente ere ez direla; kamerinoan ere platoan bezalako harremana dute; kamerak erabat ahaztuta dauzkate.

 

4. Saioak ez ditu kritika gutxi izan.

Espero baino askoz gutxiago eta suabeagoak izan dira. Formatua gustatu edo ez, gure ibilbideak kritika batzuk, behintzat, isilarazi ditu. Hasieran kontra zeuden askok onartu dute nerabe asko euskarazko telebista ikusten jarri ditugula. 

 

5. Zer ikasi duzu euskal gazteriaz?

Anitza dela; denetarik dago, eta horren jabe izan behar dugu. Belaunaldi aldaketa dago: gazteok, aukeratzeko aukera izan dugu eta euskal gazteei munduko edozein gazteri gustatzen zaiona gustatzen zaie. 

 

6. Telebista bai, baina irratia uzteko asmo barik.

Ez, horixe! Oraintxe bertan sinatuko nuke bizitza osoan irratian aritzea. Telebistan oso gustura nabil, baina irratiak beste magia bat du. Eta zortea dut, irratian egiten dudana oso gustuko dut-eta.

 

7. Irratian ikusten ez ditugunak ikusiko bagenitu...

Batzuetan, asko irabaziko luke, baina irratiaren misterioa ere hor dago. Gure kasuan, katxondeo mundiala ikusiko zenukete, eta lotsatzeko ezer ere ez. 

 

8. Noiz konturatu zinen komunikazio mundua zela zeurea?

Beti izan naiz saltseroa. 8 urterekin andereñoak esan zion amari bertsolaria izango nintzela, plaza-gizona. Karrera aukeratzeko ere, zehazki zer zen jakin gabe, izenagatik, Ikus-entzunezko Komunikazioa aukeratu nuen lehenengo: ikusi, entzun, komunikatu.

 

9. Mundu horretan bi lan izateko, nori jarri behar zaizkio kandelak?

Zorte handia izan dut, eta une egokian leku egokian egon naiz. Baina zortearen esku ahalik eta gutxien utzi; sinesten duzunean saiatu, egin lan gogor. Niri balio izan dit.

 

10. Gabonak: familia giroan ala etxetik kanpo?

Kostako zaio bakarren bati ni Gabonetan etxetik kanpo ikustea. Inauteriekin batera, urteko egun garrantzitsuenak dira, irrikaz egoten naiz noiz helduko. 

----------

Makila magikoa baneuka: "Euskal herritarrok hobeto ulertuko genuke elkar, eta baita elkar errespetatu ere; Gabonetan bezala!"

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.