Aurrekoetan moduan, akusatutako herrian ezohiko osoko bilkura egin dute, tobera epaiketara joateko enbidoa onartzen duten edo ez erabakitzeko. Horrela egin zuten atzo, eguena, Aretxabaletako udaletxean. Bilkura azkarra izan zen. Ohi moduan, pregoilariak zabaldu zuen ekitaldia; jarrera bihurri samarrarekin aurkeztu zuen herria defendatuko duen abokatua: Justa Zelaia. Bere burua eskaini zuen Zelaiak Eskoriatzakoen desafioari aurre egiteko, Aretxabaletako askotariko eragileek osatutako udalbatzarrean. Duda txiki batzuk izan ziren arren, aho batez onartu zuten Zelaiak egin zien proposamena.
Sarrerak zortzi eurotan salgai
Astelehena ezkero daude toberarako sarrerak eskuragarri, zortzi eurotan. Aurreko edizioetan moduan, honako herri eta salmenta puntu hauetan eros daitezke: Aretxabaletan, Arkupe kultura etxean eta Bagararen bulegoan; Eskoriatzan, Manuel Muñoz kiroldegian; Arrasaten, Ttukun dendan; Bergaran, Pol-pol tabernan; eta Oñatin, Txokolaterixan. Leku horietan, gainera, on line ere eros daitezke, helbide honetan: Bibe.me.